Horma zatietan irakurritako historia
Lekeitioko harresiari buruzko ikerketa arkeologikoa garatzen ari dira, Lekeitio 700 ekimenaren barruan. Eta ezagutzen ez ziren datuak eskaini ditu horrek: Uriarte jauregiko lorategi inguruko harresiaren zatia XI. eta XII. mende artekoa da. Narea kalean dagoena, ordea, XII. eta XIII. mendeen artean egindakoa da.

Txikitatik ikasi ohi da irakurtzen: ezkerretik eskumara edo eskumatik ezkerrera, hizkiak edo ikurrak bata bestearen atzetik segidan irakurrita, nolakotasuna bakoitzaren hizkuntzaren araberakoa izanda. Baina badaude bestelako irakurketa mota batzuk, testuek besteko informazioa —edo are gehiago— eskaintzen dutenak. Esaterako, zer konta dezakete hormek? Eta nola irakur daiteke horma bat? Horma zatiek badute zer kontatu, badute gordetzen duten historiarik, badituzte ezagutzen ez diren milaka pasarte.
Eta historia sakona duen horma horietako batean jarri dute arreta Lekeition: herriko harresiari buruzko ikerketa arkeologikoa aurrera eroan dute Lekeitio 700 ekimenaren barruan, udalerriaren historiaren pasarte ezezagunak edo data garrantzitsuak jasoz. Izan ere, harresiari buruzko datazioak «harrigarriak» izan dira, espero baino lehenagoko Lekeitiori buruzko datuak eskaintzen dituztenak.
Lekeitioko Udalaren bultzadaz, Belen Bengoetxea EHUko irakasle eta arkeologoak, bere taldeagaz batera, Lekeitioko harresiaren aztarnak ikertu ditu, ikerketa arkeologiko sakona eginez. “Udalekoak jarri zen gurekin harremanetan, herriaren 700. urteurrena zela eta ikerketa sakon bat abiatu nahi zutelako. Harresiari buruz gauza asko egin dira, baina ikerketa sakonago bat nahi zuten, ikuspuntu arkeologikoduna. Izan ere, hori da gure ikerketaren izaera, irakurketa arkeologikoa egitea”, azaldu du arkeologoak. Herriaren 700. urteurrenari begira, hiru urtetan egin dute lana eta, oraindik hori guztia biribiltzea falta zaien arren, hainbat datu esanguratsu kaleratu dituzte.
Azterketa aurrera eroateko, gaur egun geratzen diren harresi zatietan jarri dute begirada, euren helburua baitzen harresi zati horien azalera aztertzea eta horien kronologia zehaztea: “Lekeitioko Hiri Gutuna XIV. mendekoa da, baina aurretik ere zerbait bazegoela esaten zen. Baina noiztik? Harresi horren ibilbidea ondo zehazteko ahalegina egin gura genuen”. Iturri idatziak beti erabili ohi izan dira, datak jartzeko. Lekeitioren kasuan, 1325ekoa da Hiri Gutuna, eta 1334an egin zen haren konfirmazioa. “Dokumentuetan agertzen diren datak beti erabili izan dira, harresi zati horiek kokatzeko. Geure helburua zen, irizpide arkeologikoak oinarri hartuta eta arkeometria erabiliz —zientzia naturalak erabiltzeari deritzo—, helburu arkeologikoak zehaztea, tartean, analisi klinikoak eginda”, gehitu du Bengoetxeak.
Horri lotuta, posible izan dute laginketak egitea harresi zati ezberdinetan, eta lortu dute zati batzuk irizpide arkeologikoetan oinarrituta datatzea: “Oso ondo atera da dena; izan ere, kronologia batzuk nahikoa zaharrak dira, pentsatzen genuena baino zaharragoak”.
Tarterik zaharrena
1325. urtekoa da Lekeitioko Hiri Gutuna, eta horretan agertzen da bertan aurretik bazeudela zenbait elementu: “Aipatzen da harresi bat, baita plaza bat, jauregi bat eta eliza bat ere. Baina, noiztik zeuden hor? Bi mende aurretik? Urte batzuk aurretik? Non zegoen herrigunearen hasierako nukleoa? Zein puntutan dago gaur egun hiribildua den hori, orduko gune harekin alderatuta? 1334. urtekoa da Hiri Gutunaren konfirmazioa, eta horrek ere XIV. mendean kokatzen du Lekeitio, baina, guk ikusi ahal izan dugunez, askoz aurretik zegoen okupatuta espazioa”.
Hain zuzen ere, gaur egun Uriarte jauregiaren lorategiko harresi zati bat aztertu dute eta, hori datatuta, bertan aurkitu dute harresiaren gunerik zaharrena: badirudi XI. mende erdialdetik XII. mendera artekoa dela. “Dataketak ez dira magikoak, eta ez dute urte zehatz bat ematen; bitarteak zehazten dituzte. Gainera, autore batzuek esan dute Lekeitioko harresiaren hasierako tarteak egurrezkoa izango zirela, ahulak. Baina ez. Hemen horma indartsu bat dago, harriz egindakoa, harlandua ere badena, ez lanketa askokoa, baina bai lanketaduna”, zehaztu du arkeologoak. Gainera, eurek harresiaren barruko aldea irakurri dutela gehitu du: “Kanpoko aldea monumentalagoa izan ohi da, baina barruko aldea ere oso garrantzitsua da. Hala, Uriarte jauregiko lorategi inguru hori izango litzateke harresiaren hasierako gunea, XI. menderako okupatua zegoen eremua, modu indartsu batean, gainera”. Ze, Bengoetxeak jakinarazi duenez, harresiaren konposizioak esaten du bazegoela azpiegitura on bat, horrelako horma bat egiteko, eta “garrantzitsua” zela harresiak berak inguratzen zuen gunea.
Hala ere, beste zenbait datu interesgarri aurkitu dituzte, beste bi dataketa egin baitituzte. Egindako ikerketak balio izan du, horrenbestez, hiribildu osoaren azaleraz gehiago jakiteko: “Batzuetan, eztabaidatu egin da Narea kalea harresi barruan zegoen edo ez, eta ikusi dugu baietz. Ikusi dugu Narea kalearen karkaban badagoela harresi zati bat, eta hori ere irakurri egin dugu. Horren kronologia bat dator harresiaren beste zati batzuekin. Hala, esan genezake Nareako harresi zati hori XIII. mendearen erdialderako eraikita zegoela. Eta horrek esan nahi du, data horretarako, hiribildu ia osoa egituratuta zegoela”.
Belen Bengoetxea: «Ikerketa zabaldu behar da, jendeak bere herrian zer daukan jakin behar duelako, gero balioan jartzeko»
Izan ere, Eusebio Erkiagatik Dendarira doan zati horretan, beste tarte bat ere datatu dute, eta hori ere XII. mendearen erdialdetik XIII. mendera artean egin zela zehaztu dute: “Interesgarria da hori data horretan egin izana, eta lehen aipatu dudan Nareako tartea ere bai. Horrek erakusten du lehenengo okupazio bat egon zela, XI-XII. mendeetan, eta ondoren ondorengo fase indartsu bat egon zela, XII. eta XIII. mende horietan»”.
Hirugarren fase bat ere zehaztu dute arkeologoek: XIV. mendekoa. “Garaikoa da Hiri Gutuna, eta une hartan mugimendua komentuaren inguruan zegoen”, dio Bengoetxeak. Izan ere, Torrezarrean dataketa batzuk egin dituzte, haren beheko zatietan, eta ondorioztatu dute ez dela pentsatzen zuten besteko zaharra: “Torrezarraren lehen zatiak XIV. mendearen erdialdean egin ziren. Berrartikulatutako espazioa zen”.
Horrez gain, bestelako puntu batzuk ere irakurri dituzte, eta ikerlariek hainbatetan aipatu izan duten apareju gotikoa aztertu dute. “Lekeitioko puntu desberdinetan agertzen da, harri txikiagoekin egindako harresiaren zatiak dira, dezente ohikoak. Izen horrekin, pentsatzen zen XIV. mendekoa izan zitezkeela, dokumentu batzuk mende horretan harresi apur bat altuagoa egiten hasi zirela baitiote. Baina ikusi dugu apareju gotiko hori berantiarragoa dela, XVII. mendekoa”, zehaztu du ikerlariak.
Kronologiaz harago
Egin duten lanketa handian, baina, kronologiak zehazteaz harago ere joan dira, beste fenomeno batzuk aztertuz, ezezagunak zirenak, beranduago sortutakoak: “Esaterako, leku batzuetan betekin batzuk sartu zirela ikusi dugu, kotak aldatu egin zirela, XIX. mendean suntsiketa batzuk izan zirela…”. Hori guztia ere “interesgarria” dela dio, ikusteko, interpretatzeko eta jakiteko herrian zer zegoen, zer ikus daitekeen begiekin: “Gauza asko gertatu dira, eta horri guztiari zentzu historikoa ematea garrantzitsua da. Ze, harresi bat ez da horma sinple bat; gauza asko ditu, eduki sinbolikoa ere badu, hiribilduarekin batera gauzatzen eta garatzen dena”.
Ikerketaren beste helburuetako bat izan da tarte batzuetan ikusten diren zatiak antzekotasunak dituzten beste tarte batzuekin batzea, hau da, aztertzea harresia unitarioa den edo ez, eta horrelako loturak egitea, ulertzeko hiribildua bera denboran zelan garatu zen. “Azterketa eginda, tarte batzuk unitarioak direla esan dezakegu. Egia da harresiak ibilbide konplexua daukala, eta hasierako tarte horri buruz ez dakigula askorik, gauza asko daudelako egiteko oraindik eta aztertu beharko litzatekeelako noraino ailegatu zen. Baina hiribildua litzatekeenaren harresia unitarioa izan zela uste dugu, ze, horrelako harresi bat egitea ere kosta egingo zen”, dio arkeologoak.
Funtzio desberdinak
Harresi batek eskaini dezake babesgune bat, baina izan daiteke muga bat ere. Mota horretako eraikuntzek orotariko funtzioak betetzen dituzte: “Erdi Aroan, esaterako, harresia defentsarako zen, baina espazio juridiko ezberdinak ere zehazten zituen, ze, hiribilduaren barruan indarrean zeuden arauak kanpoko arauekiko guztiz bestelakoak ziren. Espazio horretan pribilegio batzuk zeuden, kanpoan ez zeudenak. Eta hori mugatzeko harresia bera erabiltzen zen. Gainera, askotan, izurriteak egoten zirenean, ateak itxi egiten ziren, eta kontrolatu egiten zen nor sartzen eta nor ateratzen zen. Neurri sanitarioak ere markatzen zituen, beraz”. Horrez gain, ekonomikoki ere funtzio garrantzitsua omen zuen, zergak biltzen baitziren harresiaren ateetan, zein merkantzia sartzen eta ateratzen zen kontrolatzeaz gain. “Gainera, kontuan hartu behar dugu hiribildu batean premiazkoak ziren jarduerak zirela merkataritza eta artisautza, eta horrelako jarduerek beharrezkoa zuten babesgunea ere eskaintzen zuela harresiak, ez militarra, baina bai gune segurua izatearena»”.
Arrazoi horiengatik guztiengatik zaindu da horrenbeste harresia, defentsarako helburu hori galdu zuen arren, babesgunea eskaintzen zuelako. Babes hori eskaintzetik enbarazu izatera igaro zen, ordea, XIX. mendean: “Eskemak eta dinamikak erabat desberdinak ziren, eta harresia oztopo modura ikusten hasi ziren. Beraz, bideak zabaltzeko, ateak suntsitzen hasi ziren, eta zati batzuk desagertzen. Orduan hasi zen harresiaren suntsiketarik nagusiena”».
Eta zelan lortu dituzte horrenbeste datu? “Hormetan eta arkitekturan, orokorrean, arkeologikoki irakurtzen ditugunean, kapa edo geruza batzuk aztertzen ditugu, eta geruzaz geruza ikusten ditugu gertatu diren gauza ezberdinak. Adibidez, tarte batzuetan harri oso handiak agertzen dira, beste batzuetan apareju gotikoak… Horietan sakonduz zehazten dugu zer erlazio egon daitekeen geruza edo unitate estatigrafiko horien artean. Horien bidez jakin dezakegu zein geruza den zaharrena eta zein berriena, beraien arteko erlazioak zehaztuz. Hori guztia da lan honen oinarria. Eta, oinarri hori aztertzerakoan, beti ulertzen ditugu elementuak egitura konplexu modura, denboran zehar gertatu den zerbait modura”, azaldu du Bengoetxeak. Izan ere, denborak arrastoak uzten ditu hormetan, zauriak, eta horiek ikustea eta ordenatzea da ikerlarien beharra, “hor zer gertatu den jakiteko eta harresia bera ulertzeko”.
Datatzeko azterketa horretan hasi aurretik, baina, datazio erlatiboa egin behar izaten da, alegia, irakurketa orokor bat, jakiteko zein zati den aurrekoa, zein ondorengoa, eta zer den aztertu behar dena: “Ze, bestela, zein unitate estatigrafikotakoak diren jakin barik egiten diren dataketek ez dute ezertarako balio. Hasierako fasea irakurketa da”. Hain zuzen ere, kasu horretan, datazioak Miamiko Beta Analytic laborategian egin dituzte. Arkeologoak zehaztu gura izan du ikerketa hori diziplina anitzeko taldean egin dutela: geologoek, arkeologoek, teknikariek, dokumentalistek… parte hartu dute.
Gero, jasotakoa prozesu historikoetan integratu behar izaten da, eta hori ere egin dute. Orain, zenbait kontu geratzen zaizkie lotzeko. Esaterako, morteroen analisiak ere egingo dituzte, materiala nondik zetorren jakiteko, nola eginda dauden ezagutzeko: “Datu guztiak biltzen dituen azken txosten historikoa ere geratzen zaigu. Horrekin ari gara lanean”.
Gainera, azpimarratu du ilustratzaile batekin ere kontaktuan ari direla, bost panel informatibo kokatu gura dituztelako herrian barrena, leku estrategiko eta interesgarrienetan: “Modu didaktiko batean erakutsi gura dugu dakiguna”.
Izan ere, udalak eta arkeologo taldeak aurrera eroandako ikerketak ikasitakoa gizarteratzeko eta zabaltzeko asmoa ere badu. Hori du helburu nagusia: “Horrelako proiektuek garrantzia dute ulertzeko benetan nolakoa izan zen gure herria, nola egituratzen zen, garai hartako gizartea ulertzeko. Lekeition harresia hor dago, baina, ez bada ezagutzen, ezin da balioan jarri. Eta jendeak horma bat besterik ez du ikusten, baina jakin behar da zelako balioa izan duen, horrek bestelako balio bat ematen diolako. Erakutsi egin behar da, eta ez bakarrik turistei: herritarrak norberaren sorterrian zer daukan jakin behar du, gero hori babesteko edo nahi dena egiteko. Lehenengo pausoa ezagutzea da, hori gizarteratze prozesu garrantzitsua baita”.