Heriotzaren inguruan ikarak barik aritzeko hitzaldia eskainiko dute
Andra Mariaren Zeruratzea Parrokiak antolatu du eguenerako [maiatzak 15], Agustinen Komentuan.
Andra Mariaren Zeruratzea Parrokiaren ekimenez, Ikara barik izeneko hitzaldia eskainiko du Julio Gomez medikuak. Hitzordua eguenean [maiatzak 15] da, 18:00etan, Agustinen Komentuan. Hitzaldia erderaz izango dela eman dute jakitera.
Saioa batez ere nagusiei dago bideratuta eta helburua da heriotzaren inguruan sortutako ikarak desagerraraztea. “Heriotza prozesu naturala da eta jaiotzan gertatzen den moduan, gure gorputzak berezko ezagutza dauka prozesu fisiko hori egiteko. Sinismen aldetik ere, erlijioak helduleku ugari ematen ditu”, azaldu dute antolatzaileek.
Alde horretatik, Gomez mediku eta hizlariak ibilbide luzea dauka zaintza aringarrietan eta bere esperientziatik hitz egingo du “heriotza prozesua baketsua ere badela gogoratuz”. Maila profesionalean zein pertsonalean gehien dakien pertsonetako bat dela nabarmendu dute. “Horregatik, berari eskatu diogu bere jakintza eta esperientzia partekatzea, heriotzaren prozesu fisikoa azaldu eta berak ezagututako heriotzaren inguruko esperientzia erlijiosoen berri ere emateko”.