Erregimen itxian dauden presoei lege arrunta aplikatzeko eskatuko dute
Euskal Herriko espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horien herriak. Herri horiek guztiak lotuko dituen Puzzlea ekimena da aurrera eroango du Sarek asteburuan, Mutrikun eta Ondarroan.

Kalerik inoiz zapaltzen ez duten 58 euskal presoren errealitatea ikusarazi eta konponbiderako puzzle zatiak osatzeko Puzzlea osatu arte ekimen ibiltaria antolatu du Sarek. Zapatuan (maiatzak 17) eta domekan (maiatzak 18) gauzatuko dute egitasmoa, Lesakan hasi eta Iruñean amaituko dena. Bitartean, zenbait geldialdi egingo dituzte, tartean eskualdeotan. Zapatu eguerdian Mutrikura ailegatuko da ekimen ibiltaria, eta handik, zutabe bat osatuz, Ondarroara joango dira herritarrak, arratsaldean Gernika-Lumon ekimenari ondoetorria emateko.
Hain zuzen ere, 15:30ean jarri dute hitzordua Saturrarango aparkalekuan, eta handik oinezko martxa egingo dute Ondarroako Alamedara; izan ere, 16:15ean, puzzlea osatzeko ekitaldia egingo dute bertan. Gernika-Lumoko Merkuriora 18:30ean ailegatuko da egitasmoa, eta harrera ekitaldia egingo diete. Gainera, kalerik zapaltzen ez duten 50 preso horietako bat da Jabi Abaunza gernikarra, eta bere zein gainerakoen egoerarekiko konponbide bideragarria exijituko dute Merkuriotik.
Izan ere, datorren urtean ETAk bere jarduera amaitu zuenetik 15 urte beteko dira, eta, Sarek ikusarazi gura du, oraindik orain, salbuespen legeak medio, badaudela etxerako bidean “oztopoa” duten euskal presoak: “Zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak eta haien herriak ardatz izango dituen ekimena aurrera eroatea da helburua. Izan ere, espetxe eta bergizarteratze politikak zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen die preso guztiei oro har. Euskal presoen kasuan, ordea, salbuespen politika da bide horren oztopoa. Ze lege arrunta aplikatuko balitzaieke, euskal presoen %100ak beteko lituzke kalera irteten hasteko baldintza horiek”.
Hori esanda, euskal presoen auziagaz amaitzeko baldintzei konponbidea emateko eskatuko dute: “Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, biolentzia ezberdinen biktimek merezi eta behar duten egia eta aitortzarekin batera, lege arrunta aplikatu eta urteetan zehar luzetu den eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen euskal presoen auziarekin amaitzeko baldintzez ari gara, etorkizunari begira jarri eta elkarbuzitzari ekarpenak egiteko baldintzez”.
Ze, Sarek zehaztu duenez, Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik batzuk erregimen irekian daude, hirugarren graduan, baina 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horien herriak. Herri horiek guztiak lotuko dituen ekimena da Puzzlea, preso horien etxerako bidea egitearen garrantzia nabarmentzea bilatzen duena, “euren zigorrak erregimen irekian betetzeaz, zigorraren azken urteak etxean bete ditzatenaren beharreaz” hitz egiten duena. Hala, bi egun horietan, oraindik puzzlea osatzeko falta diren zatiak puzzlean kokatzeko eskatuko dute. “Puzzlean falta diren presoei lege arrunta aplikatu eta etxerako bidea egin dezaten aldarrikatuko dugu, baldintzak betetzen dituztelako, legeak aukera ematen duelako”.