Indartsu itzuli da Iparraldeko Haizeak
Aittitta Txiki Kultur Taldeak biziberritu du jaialdia eta Lekeitioko plaza hartu dute gaur [maiatzak 17] hamaika ekintza egiteko.

Urtebete izan da bakarrik, baina lekeitiarrek faltan sumatu dute. Orain bai, ofizialki itzuli Iparraldeko Haizeak jaialdia. Iaz Aittitta Txiki Kultur Taldea jaia aurrera eramateko errelebo faltaren ostean, kide berriak sartu eta Iparraldeko Haizeak berreskuratu dute. Ekimenak atzo [maiatzak 16] hasi baziren ere, gaur [maiatzak 17] da egun handia.
Kaleak hartzeko eguna da, eta alde horretatik, eguraldia lagun izan dute. Ohi bezala, egitarau bete-betea antolatu dute eta asko izan dira kalera atera diren herritarrak. Gainera, giro eguzkitsua ikusita beste asko izan dira inguruko eta urrutiagoko herrietatik kostaldera bertaratu direnak. Hain zuzen ere, antolatzaileen aurtengo helburuetako bat azken urteetako tendentzietako bat aldatzea izan da.
Orain arte gisatu txapelketan lagun talde bakoitza elkarte gastronomiko edo taberna baten egiten zuen, baina aurten “kontrakoa indartu nahi” izan dute: “Elkarrekin harremantzea nahi dugu, eta guzti hori plazan batzea pentsatu dugu”. Baita elkartu ere, plazako zuhaitzetako hartu dituzte goiztiarrenak eta lanean hasi dira. Hala ere, oraindik izan dira batzuk txokoetan elkartu direnak.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Parte hartzaileez gain, izan dira kuxkuxeatzen aritu diren beste asko ere. Umeen gunean txikienek jolasteko eta aurpegiak margotzeko aukera izan dute: lehoiak, txakurrak, deabruak… Baita zenbait ardi ere. Hori bai, asko ta asko izan dira Ipar Arrinda lekeitiarraren ardi ile mozketa erakustaldira bertaratu direnak, txanda desberdinak egin ditu eta erabateko arrakasta izan da. Plaza ondoan zegoen azoka txikia bezala, bitxiak, jatekoak, arropa denetarik egon da. Esate baterako, Miren Agur Meabek ez du jaia galdu nahi izan eta Lekeitio 700 egitasmoaren postuan kokatu da.
Arratsaldean, ostera, Baigorriko Arrola Dantza Taldeak eta Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldeak ikuskizuna eskainiko dute. Egunari amaiera Txirrist txarangagaz emango diote.
Bihar ere zeregina
Aurreko urteetan ez bezala, aurten ez da hirugarren egunik egongo. Bihar [maiatzak 18] Lekeition berez bai egongo delako zer egin eta batez ere zer ikusi. Lekeitiok bere 700 urteurrenean Bizkaiko Dantzari Eguna hartuko baitu, 3.500 dantzari inguru elkartuz.



























































