AEK-Korrika kultur sorkuntzarako III. bekarako deialdia zabaldu dute
Urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke lanak eta irabazleak 23.000 euroko beka jasoko du.

AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, bi urterik behin ateratzen du kultur sorkuntzarako beka. Aurtengoa dagoeneko zabaldu dute eta urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Hain zuzen ere, AEK-k euskal kulturaren sustapena du helburu, “betiere gure hizkuntzaren berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz”, adibidez, Korrika bera eta bere barnean Korrika kulturala.
Bekagaz sormen lanak bultzatu nahi dituzte, edozelangoak. Euskal sortzaile ororentzat da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Beka 23.000 eurokoa da, eta 25. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko dute, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean.
“AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanez edo/eta AEKren baliabide apurrei ahalik eta atarramenturik handiena ateraz. Ildo beretik, beste ekarpen bat egin nahi diote AEK-k eta Korrikak euskal kulturari beka honekin”, azaldu dute.
Interesa dutenek bakoitzaren hurrengoko proiektuaren azalpenak eman beharko dituzte. Batetik, sinopsia, lana zertan den eta zer agertzen duen azaltzen duen testua. Bestetik, xede artistikoa, hau da, lana aurrera eramateko erabiliko diren baliabide teknikoak. Gero, egileak azaldu beharko du bere ustez, zergatik den interesgarria bere lana Korrika kuturalerako. Gainera, sormen lanaren aurkezpenak egiteko beharrezko baldintza teknikoak proposamenenean zehaztu behar ditutze, “bai eta egileari bere proiektua hobeto azaltzeko lagungarria zaion beste edozein material osagarri ere”. Azkenik, hori guztia gauzatzeko proiektuaren aurrekontua aurkeztu beharko dute. Informazio hori guztia korrika@aek.eus helbide elektronikora bidali beharko dute interesa dutenek.
Epaimahaiak lauzpabost lan aukeratuko ditu, eta haien egileek epaimahaikideen aurrean defendatu beharko dute nork berea. Lehen aukeraketaren berri e-postaz emango dute; irabazlearen berri ekitalde baten bidez, 2026ko maiatzean. Hala, irabazleak urtebeteko epea izango du lana prestatzeko, eta 25. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko dute: 2027ko azarotik 2028ko apirilaren 2ra bitartean.