Berriatuko Gardotza Industrialdeko Enpresa Elkartea sortu dute
Erakunde berriak Berriatuko Udalaren eta Leartibai Fundazioaren babes teknikoa dauka etorkizuneko proiektuetarako.

Lea-Artibai eskualdearen enpresa erakargarritasuna indartzeko asmoz, Leartibai Fundazioa, eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, azpiegiturak hobetzeko lanean ari da. Proiektu horietako bat Berriatuko Gardotza industrialdea eraldatzea da eta dagoeneko lehen pauso bat eman dute: industrialdeko Enpresa Elkartea sortu dute Berriatuko Udalagaz batera.
“Industrialdeei arreta berezia eskaini nahi diegu, gune horietan dauden enpresak lehiakorragoak izan daitezen, haien hazkundea bultzatzeko eta jarduera ekonomiko berriak erakartzeko”, esan dute Leartibai Fundaziotik.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko dirulaguntzen programari esker, 2024an diagnostiko bateratu bat abiatu zuten Berriatuko Udalagaz eta industrialdeko enpresekin. “Helburua izan da industrialdeak behar dituen hobekuntzak identifikatzea eta ekintza plan integral bat diseinatzea, industrialdearen irisgarritasuna, jasangarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko arreta berezia jarriz”.
Azaldu dutenez, diagnostikoak lehentasunezko zortzi jarduera ildo identifikatu zituen, besteak beste: industrialderako sarbide segurua eta jasangarria sustatzea, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako barne mugikortasuna hobetzea, gunearen seinaletika eta irudia sortzea, aparkaleku sistema optimizatzea, hondakinen kudeaketa eraginkorra indartzea, itxura txukun bat lortzea eta aisialdirako gune bat sortzea, jasangarritasun eta efizientzia energetikoa bultzatzea, eta hornitzaileen sarea modernizatzea.
“Helburua izan da industrialdeak behar dituen hobekuntzak identifikatzea eta ekintza plan integral bat diseinatzea”
Hain zuzen ere, plan hori betetzen dela ziurtatzeko eta enpresen arteko lankidetza indartzeko, industrialdeko hamabi enpresek Gardotza Industrialdeko Enpresa Elkartea eratu dute. Erakunde berriak, Berriatuko Udalaren eta Leartibai Fundazioaren babes teknikoarekin, “beharrezkoak diren lan-mahaiak definitu ditu diseinatutako ekintza planaren inplementazio koordinatua ziurtatzeko”.
Gainera, elkartea eta udala, aldundiaren Industrialdeak 2025 programa eskatzeko lanketan ari dira, “inbertsioak gauzatzeko eta Gardotza etorkizuneko erronkekin lerrokatutako industria inguruen lehiakor eta modernoa bihurtzeko”.