Familia Eguneko balorazio “oso positiboa” egin dute
Lekeitioko eskolako guraso elkarteak zapatuan [maiatzak 24] ospatu zuen.

Lekeitioko eskolako Familia Eguna hazten jarraitzen du, familiak bezala, pixkanaka. Guraso elkarteak seigarren aldiz antolatu zuen zapatuan [maiatzak 24] Familien Eguna eta ostera ere “erabateko arrakasta” izan zen. Hain zuzen ere, guraso elkartetik beste urte batez “errepikatzeko prest” agertu dira.
Aurten ere balorazio “oso positiboa” egin dutelako, gainera eguraldia lagun izan zuten giro eguzkitsua nagusitu zelako. Eguzkiagaz umeak ur jolasten aritu ziren eta guzti. Eta hori ekintzak asko eta askotarikoak zituztela, gaueko 22:00ak arte luzatu zituzten ekintzak. “Gurasoak guztiz inplikatu ziren ekimen guztiak aurrera eraman ahal izateko”, azaldu dute. Ume eta nagusiek elkarlanean 285 lagun inguruentzako mahaia prestatu eta jaso zituzten.
“Egun oso polita izan zen, familia inguruan, eta eskolako familia ezberdinak elkar gehiago ezagutzeko aukera izan genuen. Emaitza eta harrera ona ikusita, hurrengo urteetan aurrera jarraitzeko gogoekin jarraitzen dugu”, esan dute.