Mugimendu "izugarria" sortu du Euskaraldiak
Euskararen erabilera erdigunean jarri du, beste behin, Euskaraldiak; izan ere, 11 egun horien bueltan, herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortu du. Aurten, inoiz baino herri gehiagok parte hartu dute: 450 herrik. Hala, Koordinazio Mahaiaren lehen balorazioa "oso ona" izan da.

Hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko 11 eguneko ariketa praktikoa amaitu da. Milaka lagun, boluntario eta langile bildu ditu beste behin Euskaraldiak, tartean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrak, “harro” egoteko beste. Hala, Koordinazio Mahaiaren lehen balorazioa “oso ona” izan da: “Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua. Harro egoteko moduan gaude euskaltzale guztiok”. Euskararen erabilera erdigunean jarri du, beste behin, Euskaraldiak, izan ere, 11 egun horien bueltan euskararen inguruan hitz egin da hedabideetan, ikastetxeetan, lantokietan zein erakundeetan, “erabileran eragin beharra azpimarratuz”.
Urtaro aldaketagaz etorri da oraingoan ariketa, udazkenetik udaberrira aldatuz, eta batzordeek zein gainerako eragileek “oso ondo” baloratu dute hori, aldartean zein giroan “onura” ekarri duela nabarmenduta.
Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea zen Euskaraldiaren lehen egiteko bat, oinarria sortzeko garrantzitsua, Euskaraldia zein bestelako ekimenak aurrera eroatekoa. Eta inoiz baino herri gehiagok antolatu dute laugarren aldi hau, 450 udalerrik zehatz esateko, eta antolatzaileek diote hori “berri pozgarria” dela euskararen biziberritzean lanean diharduten eragile zein norbanako guztientzat. “Horrek esan nahi du inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. Esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketak egiten”, esan dute koordinazio mahaikoek.
Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua da tokiz toki sortzen diren batzorde horiek hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea. Horretarako, ehunka bilera egin dituzte batzordeekin, eta Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiagaz loratu direla ikustea “ederra” izan dela onartu dute: “Zoragarria izan da tokian toki sortu den mugimenduaren berri izan eta bidelagun izatea. Hala, herri batzordeekin izan ditugun harremanetatik jaso dugu batzorde asko eta asko aurreko edizioetan bezain osasuntsu edo indartsuago aritu direla aurtengoan”.
Badakite orokorrean batzordeen osasunaren seinale dela tokian toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko ahalmena, eta, horri erreparatuta, herri eta auzoetan ekitaldi andana antolatu dituztela nabarmendu dute. “Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egunetan”.

Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen Lekeition.Arantza Retolaza
135.000 parte hartzaile.
Herritar askok eta askok euren hizkuntza ohituren inguruan hausnartu dute, ahobizi edo belarriprest izango diren erabakitzean, esaterako. Gaur gaurkoz, ia 135.000 lagunen izen-emateak jaso dituzte laugarren aldiari buruz, nahiz eta oraindik jaso gabeko zenbait datu dituzten, paperezko orrietan izena emandakoenak, esaterako. Hala ere, badakite jende askok izena eman barik ere hartu duela parte ariketan: aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako… “Beraz, horrek erakusten digu datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabilera jauzi bat emateko gogoz”, ondorioztatu dute.
Hala ere, nahi baino txapa gutxiago ikusi dituztela kalean onartu dute, eta hori aztertu beharrekoa dela diote: “Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duen. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko”.
Dena dela, uste dute orain arte ailegatu ez diren herritar batzuetara iritsi dela aurten Euskaraldia: “Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dute parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutzen duelako edo batzordea iritsia delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak”.
Entitatea, goranzko bidean.
2020ko Euskaraldiaren bigarren aldian proposatu zitzaien lehen aldiz entitateei Euskaraldian parte hartzeko. Uste zuten euskararen erabileran eragiteko “ezinbesteko” guneak zirela, bai entitate barruan euskararen erabilera zabaltzeko, bai bertako kideen artean ariketa sozialaren helburuak betetzeko. Eta, diotenez, laugarren aldi honek erakutsu du mota guztietako entitateek erakutsi dutela euskararen erabileran jauzi bat emateko gogoa, baina baita hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela ere. Hala, aurten, 7.500 entitatetik gorak berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi izan dutela, euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez, eta aurreko urteetako izen emate kopurua gaindituz.
Badakite, beraz, Euskaraldia eraginkorra dela, baina esan dute ikerketek adieraziko dutela zehatzago zein emaitza eman duen aurtengoak. Hala ere, aurrera begira jarri dira dagoeneko, eta ariketari buruzko balorazio sakonagoa egin gura dute herri batzordeekin, eragileekin, entitateekin… hurrengo aldia “are hobea” izan dadin.
Horrez gain, balorazio osotuagoa egite aldera, belarriprest zein ahobizi izan diren bizipenak jaso gura dituzte antolatzaileek, eta euren bizipenak adierazteko gonbidapena egin diete parte hartzaileei, https://euskaraldia.eus/bizipenak/ webgunean. “Baina behin eta berriz aipatzen dugu hizkuntza ohiturak ez direla gauetik goizera aldatzen; Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du. Apurka apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik”.