250 ikasle elkartuko ditu Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Egunak
Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian egingo dute barikuan [maiatzak 30] Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak antolatuta.

Bueltan da Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna. Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak barikurako [maiatzak 30] antolatu dute Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian. 09:00etatik 14:30era eskualdeko 250 ikasle inguru elkartuko dira. “Zientzia eta teknologiaz gozatzera” bideratutako eguna da, eta herri guztietako ikastetxeetako ikasleek parte hartzen dute.
Hamairu txokotan banatuta, Lea-Artibaiko LH6. mailako ikasleek robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematikak eta elektrizitatea bezalako gaiak landuko dituzte. Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresek, EHUko Matematika eta Komunikazio sailak, Leartiker eta Neiker ikerketa zentroek eta Doplay enpresak parte hartuko dute.
Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean Talentatu izeneko proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin. ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematikak) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari burutzen dituzte ikasleek. Horietako bat da Zientzia eta Teknologia Eguna.