Herritik herriarentzat, Habixi Elkargunea
Munitibarren ereindako hazia loratu dela ospatu zuten barikuan (maiatzak 23); Alegia, Habixi Elkargunearen inauguratu zuten, Udaberriko Agendaren baitan. Herritik herriarentzat sortutako denetariko gune autogestionatuaren sorreraz gozatu zuten, beraz, herritarrek.

Gune bat izatetik haratago, “bizitzeko, elkar zaintzeko eta elkarrekin hazteko” espazioa da iragan barikuan Munitibarren inauguratu berri duten Habixi Elkargunea, esan dutenez. Gaztetxea itxi zenetik, gune hori berpizteko egindako “hainbat saiakeren ostetik” dator hau. Izan ere, “adin guztietako herritarrak bazeko, antolatzeko eta aktibatzeko espazio baten falta” nabaria zen herrian. “Guztiontzako irekia eta guztiona” zen espazio bat behar zuten munitibartarrek, eta barikutik aurrera, badute.
“Ez da lehn aldia Munitibarren elkarlanetik sortzen den espazio baten beharra sentitu duguna, eta aspalditik dator, beraz, gure herrian auzolana eta elkarrekin egindako bidea”, gaineratu zuten barikuan, inaugurazioan. Hori horrela, espazio hori Gaztetxea izan aurretik, “Danon Etxea” zela azpimarratu zuten, eta biak ala biak, barikutik aurrera Habixi Elkargunea izango denaren inspirazio iturri izan dira, euren berbetan: “Aurreko horien lanari esker, guk, ilusio handiz beste habia bat eraiki ahal izan dugu. Izan ere, sustrai zaharretatik, adar berriak sortu dira”.
Habixi, topaleku, babesleku, entzule eta abiapuntu izatearen nahia plazaratu zuten, halaber, inaugurazioan: “Jendeak hemen hazteko aukera senti dezala. Elkarrekin barre egitekoa. Amets egitekoa. Sortzekoa”. Hori ardatz, herritik eta herriarentzat sortutako gune autogestionatuak barikuro irekiko ditu ateak, eta nahiz eta momentu honetan “bidearen hasieran” egon, iparra “oso argi” dutela azaldu zuten.
Horretarako, baina, herritarren laguntza funtzeskoa izango dela nabarmendu zuten, “urratsez urrats aurrera egiteko”. “Ongi etorri Habixara, zuen etxera, gure etxera. Ongi etorri bide zoragarri hau elkarrekin egitera”, aldarrikatu zuten. Aldarrikapenarekin bat eginez, sortutako habia ospatu ere egin zuten. Elkarrekin osaptu zuten. “Ez behin bakarrik. Beti”.
Udaberriko Agenda
Munitibarko Udalak, herriko talde zein eragileekin elkarlanean, Udaberriko Agenda argitara eman du, beste urte batez. Hala, maiatza eta ekaina bitartean, herritarrek eta bertaratzen diren guztiek denetariko kultur ekimenez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute herrian. Uztail zein irailerako aurreikusitakoak ere badaude, eta agenda horren parte izan da, besteak beste, Habixi Elkargunearen inaugurazioa.