Komiki proiektu bat lagunduko du aurten Durangoko Azokako Sormen Bekak
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak abian jarri dute beka zortzigarren aldiz. 15.000 euroko beka da.

Durangoko Azokaren Sormen Bekaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da. Aurten komiki proiektu bat sarituko du Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak elkarlanean antolatutako bekak. 15.000 euroko laguntza lortuko du irabazleak.
18 urtetik gorako sortzaile berrientzat da beka —gehienez, bakarkako bi lan izan ditzake argitaratuta—, eta banaka zein taldeka aurkeztu daitezke proiektuak. Lan bakarra sarituko du bekak, eta bai sorkuntza bai plazaratzea lagunduko ditu. Proposamenak posta elektronikoz bidali daitezke gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Mezuan, eskaera orria, curriculuma eta portfolioa ez ezik, hauek ere aurkeztu beharko ditu sortzaileak: proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma…); komiki lanaren sinopsia eta argumentuaren garapena; pertsonaia nagusien diseinua, eta lanaren erakusgarri izango den ilustrazioen lagina (marraztutako eta amaitutako sei orrialde).
Irailaren 21ean itxiko dute lanak aurkezteko epea, 18:00etan, eta Durangoko Azokako egunetan jakinaraziko dute irabazlearen izena. Ondotik, irabazleak urtebeteko epea izango du lana gauzatzeko, eta 2026ko Durangoko Azokan aurkeztuko du.