Arartekoak zalantzan jarri du angularen arrantza profesionalizatzeko dekretua
Eusko Jaurlaritzak onartutako arauak ez du Europaren babes-helburuekin bat egiten, Arartekoaren arabera. Eguzkik uste du dekretuak "erregelamenduari izkin" egiten diola.
Angularen arrantza profesionalizatzeko onartu zuen dekretua berrikusteko gomendioa helarazi dio Arartekoak Eusko Jaurlaritzari. Bere azken ebazpenean adierazi duenez, dekretuaren helburu nagusia —arrantza profesionalizatzea— ez dator bat Europako Batasunaren araudiaren helburu nagusiarekin, hots, aingira espeziearen babesa bermatzearekin.
Arartekoak ohartarazi du ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen duen “txosten zientifiko edo tekniko egokirik”. Hori dela eta, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu dio araudia EBren zuzentarauetara egokitzeko berrikusteko prozesua abiatzeko.
Ebazpen hau Mutriku Natur Taldearen kexa bati erantzunez eman du Arartekoak, eta haren edukia bat dator ingurumen taldeek azken hilabeteetan egin duten salaketarekin.
Aurrekariak: EBren erabakia eta Jaurlaritzaren dekretua. Europako Batasunaren ustez “galzorian” dagoen espeziea da aingira. Hori dela eta, 2023ko otsailean indarrean jarri zuen erregelamendu batek angularen arrantza profesionala mugatu zuen, eta aisialdikoa erabat debekatu. Horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aisialdiko arrantza —ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zen bakarra— legez kanpo geratu zen.
Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen angularen arrantza profesionalizatuz, “egokitzapen” modura aurkeztuta. Hala ere, Eguzki Talde Ekologistak salatu du egokitzapena baino gehiago izan zela “erregelamenduari izkin egiteko ahalegina”, arrantza ahalbidetzen jarraitzeko asmoz.
Eguzkikoen arabera, ez dago profesionalizazioaren oinarri zientifikorik, ez eta 150 lizentzia emateko eta 2024-2025 denboraldirako ezarritako 550 kiloko kupoa justifikatzeko azterketarik ere: “Behin eta berriz eskatu ditugun arren, txosten horiek ez dizkigute inoiz eman”.
Aholku Batzorde Juridikoaren aurkako jarrera. 2024ko otsailean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak dekretuari buruzko irizpen batean araudiaren gabezia nagusiak jaso zituen. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak “ez zion jaramonik egin”, eta txostena “ez dela loteslea” argudiatu zuen.
Arartekoak txostenaren eduki juridikoa aintzat hartzeko deia egin du: “Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena loteslea ez bada ere, lotesleak dira jasotzen dituen gogoeta juridiko zorrotzak.
Iñigo Urkulluren gobernuak agintaldia amaitu aurretik dekretua onartu izana kritikatu dute Eguzki Talde Ekologistako kideek, eta uste dute horrek aukera eman ziola kontseilari berriari norabide aldaketa egiteko.
Arartekoaren gomendioak ez dira lotesleak, baina Eguzkik uste du ebazpenak dekretuaren “zuzenketa osoa” eskatzen duela funtsean: “Horregatik, galdera zabalik daude; jarraituko al du Jaurlaritzak orain arteko ildotik? Edo egokituko al da Europaren eskaeretara?”