Bazkide Eguna berrikuntzekin ospatuko du Mutriku FTk
Mutriku Futbol Taldeak Bazkide Eguna ospatuko du zapatuan [ekainak 21], eta aurten berrikuntza bat izango da: bazkideek klubeko bazkarian parte hartzeko aukera izango dute. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 250 lagun inguru elkartuko dira bazkarian.
Eguna San Miguel futbol zelaian hasiko dute, 11:00etan. Eskolarteko taldeen arteko lagunarteko partidak jokatuko dira goiz osoan zehar, eta bitarte horretan hamaiketakoa eskainiko zaie bazkideei.
Festak Egaña frontoian jarraituko du, bazkariarekin. Helduentzako eta haurrentzako menuak egongo dira eskuragarri, eta aukera beganoa ere bai.
Bazkalostean, klubeko talde guztietako —infantil mailatik ohorezko mailaraino— golegile onenei eta jokalari onenei sariak banatuko zaizkie. Bazkarira joan ez diren bazkideek ere sari banaketan parte hartzeko aukera izango dute.
Zuzendaritza taldearen arabera, “aurtengo bazkide kanpainak izan duen arrakastaren atzetik, bazkide egunak ere arrakasta handia izatea espero da”.