Gorputzak gidatu, presentziak eutsi eta loturek eraldatu
Hamar urte daramatzate Elisa Tobalinak eta Mikel Meabek Lea Espazioa gidatzen. Gaur-gaurkoz, beste terapia batzuen artean, Kraniosakral Biodinamikoaren prestakuntzan dabiltza. Eraldaketa pertsonal eta profesionalerako prozesua da hau, eta urriaren 3an terapia honen ikastaroaren laugarren aldia hasiko dute.

Lea-Artibai eskualdearen bihotzean, Aulestik hamar urte daramatza gizakiaren hazkunde pertsonala zein profesionala lantzen dituen prestakuntza eta eraldaketa zentroa den Lea Espazioaren etxea izaten. Elisa Tobalina eta Mikel Meaberen gidaritzapean, zentro honek Gestalt ikuspegia daukan Kraniosakral Biodinamika terapia, musika terapia, terapia sistemikoa eta gorputz lana bezalako jardunak uztartzen ditu. Lea Espazioaren proposamena argia da: entzute sakonaren, presentziaren, sormen esplorazioaren eta loturen bidezko konexioaren bitartez sendatzea.
Proiektu organiko gisa sortu zen Lea Espazioa, pertsonen eraldaketa eta prestakuntzetan laguntzeko bokazioarekin; entzutea, errespetua eta presentzia oinarri izanda. «Proiektu hau nola sortu zen galdetzen didatenean, normalean, guk ez genuela sortu esaten dut, hazten lagundu geniola baizik. Izaki bizidun bat balitz bezala, bere erritmo eta prozesuekin. Horrela izan da Lea Espazioa: bizitzarekin batera zabaltzen joan den espazio bat», azaldu du Tobalina zentroko kideak.
Esentziarekin konektatzeko. Terapia Kraniosakral Biodinamikoan jarri du fokua Tobalinak, eta «mugimenduaren bihotza» dela zehaztu du, «norbere esentziarekin konektatzeko bide sakona»: «Terapia Kraniosakral Biodinamikoa da gaur egun espazioaren proiektu nagusia. Hala ere, bestelako bideak ere eskaintzen ditugu; besteak beste, Gestalt, terapia sistematikoa, trauma eta gorputz lana, musika terapia, sexualitate kontzientea, sormen prozesuak eta astrologia ebolutiboa». Aipatutako terapiekin egiten dute lan Tobalinak eta Meabek, beti ere, hazkunde pertsonala zein profesionala ardatz izanda.
Osasunera hurbiltzeko «modu leun eta sakon» gisa definitu du Tobalinak Kraniosakral Biodinamika (KSB): «Gorputzarekin eta haren eremu sotilarekin egiten du lan, autoerregulazio prozesuan gorputzak gidatu, presentziak eutsi eta loturak eraldatuz». Gaineratu duenez, «ukitu arin eta kontziente» baten bidez, entzute sakoneko espazioa sortzen da, eta espazio horretan, gorputzak bere beharrak adierazteko aukera du: «Tentsioak askatu, atxikitako emozioak integratu edo konpondu gabe dauden esperientziak prozesatu, horietako asko traumekin edo sabel barruko garaiekin lotuta egon daitezke eta».
Tentsioak askatu, atxikitako emozioak integratu edo konpondu gabe dauden esperientziak prozesatzeko prestakuntza da.
Hala, Lea Espazioko gidariak dioenez, terapia honen helburua ez da aldaketak inposatzea, sistemaren barneko jakinduriatik berrantolatzeko aukera izatea baizik. Era horretan, praktikara joanda, saioen nondik norakoak azaldu ditu: «Saioan zehar, pertsona etzanda egoten da, jantzita eta lasaitasun egoeran, ingurune seguru eta goxo batean, erlaxazio sakona sustatzeko moduan. Hortik, gorputzaren osasun, bizitasun eta presentziarako bide berriak aktibatzen dira».
Terapia honek dimentsio espiritualak ere badituela zehaztu du espazioko gidariak: «Ez dugu beti hitz horrekin izendatzen, baina oso presente dago. Espiritualtasunak ez zu zertan izan ideia edo sinesmenekin loturarik, bizitzan egoteko modu batekin baizik. Gorputza bizitzea da, gure biologia sakonera itzultzea; finean, haragitzea».
Osteopatian ditu bere sustraiak Kraniosakral Biodinamikak, XX. mende hasieran Dr. William Sutherlandek egindako lanetan. Hark deskubritu zuen garezurreko hezurrak mugimendu erritmiko mikroskopikoak egiten zituela, eta horiek nerbio-sistemaren osasunarekin lotuta zeudela. «Denborarekin, ikuspegi hori sakonago eta sotilago bilakatuz joan zen, gorputzaren ikuspegi biodinamikoa garatuz: enbriologiako elementuak, pertzepzio energetikoa eta gorputzaren autoerregulazio gaitasuna integratuz».
Denentzat, «lagungarri». Tobalinak zehaztu bezala, «pertsona guztientzat» lagungarria izan daitekeen terapia da, eta bereziki, «zailtasun fisiko, emozional edo existentzialeko uneak bizitzen ari direnentzat». Hala, urriaren 3an ikastaroaren laugarren promozioari ekingo diote, eta bi zutabe nagusi izango ditu: gorputzaren ikasketa, eta pertzepzioa eta presentzia garatzea. Lehenengoa, bizipenetatik abiatzen da, eta besteak beste, anatomia, fisiologia eta enbriologia ditu oinarrian: «Poliki-poliki, edukiak esperientziaren, sentitzearen eta gorputzaren bidez integratzen ditugu. Ez da bakarrik burutik ulertzea, baizik eta ezagutzari gorputza ematea. Horrela eraikitzen da bizitzaren funtzionamendua gure baitan ulertzeko modu sakon eta organiko bat».
Bigarren zutabea gorputzarekin entzuten ikasteko erabiltzen dute: «Gorputzarekin entzuten ikasiko dugu, presentzia eta orientazio sakonarekin, gure izate somatikoan geroz eta sakonago murgiltzen ikasiz. Honek autoerregulazio, errespetuzko kontaktua eta entzute sakonerako gaitasuna dakar, eta hauek dira besteak benetako eta eraldatzaile den leku batetik laguntzeko oinarriak». Hala ere, tresna nagusia «gu geu garela» azpimarratu du Tobalinak, eta zentzu horretan, aipatutako prestakuntza «autoezagutzarako bidea dela» nabarmendu du; zehazki, etxera itzultzeko bide gisa definitu du: «Bidaia hori, berez, sendatzailea da».
Kraniosakral Biodinamika Lea Espazioan lan egiten duen gainerako terapia eta diziplinekin integratzen dute bertan: «Kraniosakral Bidoninamika prestakuntza ez da kutxa itxi bat, oso lotuta dago ikuspegiaren parte diren beste ildo batzuekin, eta honek prozesua asko aberasten du. Izan ere, gizakia ikuspegi multidimentsionaletik ulertzen dugu, eta begirada bakoitzak zerbait berezia eta osagarria eskaintzen du».
Bide horretatik, badira zenbait faktore Lea Espazioa «berezi» egiten dutenak: «Lea Espazioan eskaintzen dugunaren kalitatea eta koherentzia zaintzen ditugu bereziki. Gainera, gure irakasle guztiek ez dute soilik esperientzia eta prestakuntza sendoa partekatzen, baita munduan egoteko modu bat ere».
Hala ere, edukiez haratago, prestakuntza bizia ere eskaintzen du espazioak: gorputza, besteekiko harremana eta esperientzia zuzena erdigunean jarriz. Gainera, Lea Espazioak eskaintzen dituen eduki eta prestakuntzez gain, ezin ukatu daiteke espazioa inguratzen duen leku «zirraragarria»: «Lekuak berak ere laguntzen du. Haran zoragarri batean gaude, natura, isiltasuna eta erritmo biziekin inguratuta. Ingurune hori prozesuaren parte da, errotzea, barne entzutea eta bizitzarekin sakon konektatzeko bideak irekiz».
Haran zoragarri batean gaude, natura, isiltasuna eta erritmo biziekin inguratuta.
Kontaktatzeko aukera. Lea Espazioarekin kontaktatzea ez da batere zaila. Nahi duenarentzat eskuragarri daukate web-orria: www.leaespazioa.eus. Hala ere, kontaktu zuzenagoa bilatu nahi duenarentzat ondorengoa da Lea Espazioko telefono zenbakia: 680 94 92 05. Eta nola ez, garai berrietara egokiturik, sare sozialetan ere aktibo dagoen espazioa da: Instagramen eta Facebooken.