Lau puntu kardinalak: Bidi alkarraz eingau
Helmugak proiektuko kideek Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotu dituzte: guztira ia 900 kilometro. Hasiera batean pentsatzen zutena baino erronka «gogorragoa» izan dela nabarmendu du Ander Txakartegik.

Ia edozein pertsonarentzat lau egunetan Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotzen dituen ia 900 kilometroak lotzeak, erronkatik baino, erokeriatik dauka gehiago; are gehiago, Samatze (iparraldea), Eskiula (ekialdea), Kortes (hegoaldea) eta Lanestosa (mendebaldea) herrien arteko bideak 10.000 metroko desnibela batzen dituenean. Ander Txakartegi eta Helmugak proiektuko kideentzat, antza, ez da hainbesterako; are gutxiago, gaixotasun ezberdinak dituzten haurren alde lan egiten duten elkarte guztiei elkartasuna adierazteko bada.
Eguenean, atera baino lehen, ibilbideak “arazo handirik” emango ez zietela esan bazuten ere, itzultzerakoan “benetan oso gogorra” izan dela esan dute. Ibilbideak berak baino, kanpoko bestelako faktoreek gogortu dute erronka. Adibidez, Kortes inguruan, zapatuan, bi noranzkoetan haizea kontra izatea aurreikusita zuten, baina tarte horretan bakarrik ez, beste hainbat kilometrotan ere aurrez aurre izan zuten. Gainera, bikepacking eran egitean, “nahi baino denbora gehiago” galdu dute xehetasun txikietan: “Gure aurreikuspenak baino 45 minutu inguru beranduago heltzen ginen, eta atseden hartzeko tartea galtzen genuen”. Batetik hartu eta bestetik kendu.
Denetarik aurkitu dutelako bidean: beroagaz atera baziren ere, euria eta ekaitza izan dituzte lagun asteburuan. “Erronka pentsatzen genuena baino gogorragoa izateak bestelako balio erantsia eman dio”, azpimarratu du Txakartegik. “Oso gogorra izan da” errepikatzen du behin eta berriro. Ia 900 kilometro eta 10.000 metroko desnibela nahikoa ez baziren, dena aurkitu dute kontran. Gogortasunaren seinale da atera ziren kideetako batek gaixotuta barikuan etxerako bidea hartu behar izana. Horrenbestez, kilometro asko bi kidek bakarrik egin behar izan zituzten, errelebo etengabeak emanez eta gurpilera joanez, atseden apur bat hartzeko aukera handirik gabe. Alde horretatik, zapatuan beste bi lagun elkartu izana “biziberritzearen parekoa” izan zen.
“Indarra eta motibazioa” lortzeko beste iturri nagusietako bat sare sozialetatik jasotako “erantzun bikaina” izan da: “Mezu asko eta asko jaso genituen irteeratik, eta igotzen genituen argazki eta bideoek ere jarraipen handia izan dute. Horrela eman nahi genion oihartzuna Helmugak proiektuari, eta uste dut lortu dugula, gure ahaleginak balio izan duela”. Lau herrietan Agertxo Pirataren pegatina jarri dute: “Tankerako erronka gogor eta luze batean, momentu onak eta txarrak uztartzen dituzu, eta horiei aurre egiten jakin behar duzu. Egia esan, horrelako laguntasunak oso baliagarria da. Gainera, Agerrez gogoratzeak niri indar handia ematen dit bereziki; gure artean ez dagoen arren, bera bezalako beste pirata batzuei ahal bezainbeste lagundu ahal izateak asko betetzen nau”. Agerrek esaten zuen bezala: Bidi alkarraz eingau.
Igor Antonentzat ere esker oneko hitzak izan ditu bakarrik. Txirrindulari ohiak jaurti zion erronka duela urtebeteko Berriatuko jaialdian. “Uste baino gogorragoa” izan bada ere, “arlo sinbolikotik batez ere, indar handiko” ibilbidea izan dela dio Txakartegik: “Eguenean gurekin atera zen, eta lan kontuengatik etxera itzuli behar izan eta euria egiten zuen arren, domekan Lanestosara etorri zen, Berriatura arteko bidea elkarrekin osatzeko”. Anton txirrindulari “handia” da, baina uste du are pertsona “hobea» dela, baita gainontzeko bidelagunak ere.
Berriatuarra oraindik asteburuko erronkaz guztiz indarberrituta ez badago ere, dagoeneko hurrengoan pentsatzen dabil. Ezin izan dio HITZAri momentuz gehiegi aurreratu, baina uztailean egingo du eta bizikleta nahiz mendia uztartuko dituela adierazi du.