Leargi: zimenduak finkatuta, indarberrituta datorren urtera
Energia berriztagarrien komunitateak 2024 eta 2025 urteak baliatu ditu sendotzeko, eta hurrengo erronkei heltzeko prest dago.
Lea Ibarreko bost herri txikietako energia burujabetzaren aldeko apustuak Leargi kooperatiban du ardatza. 2024an zehar egindako lanari esker, kooperatibak oinarri sendoak jarri ditu, eta datozen urteetarako erronka berriei heltzeko prest dago. Berriki, aurtengo balorazioa eta datorren urterako jardun ildo nagusiak plazaratu dituzte, eta horien artean azpimarratu dituzte kudeaketa digitalaren sendotzea, bazkidetza zabaltzea eta instalazio berrien sustapena.
Kontseilu Errektoreko kideek nabarmendu dutenez, azken hilabeteetan kooperatibaren barne egitura administratiboa eta juridikoa indartzen jardun dute: Bizkaiko ogasunarekin tramiteak bideratzeaz gain, bazkideen datu-basea eguneratu eta laster martxan jarriko den fakturazio plataforma digital berria prestatzen aritu dira. “Saiatu gara ahal den heinean, lan horiek guztiak guk geuk egiten, gure ezagutzatik eta borondatezko lanetik abiatuta”, azaldu dute.
Instalazio fotovoltaikoen alorrean, abenduan jarritako Mendexako lehenengo egitasmoa martxan jartzeko azkenengo tramiteak baino ez dira falta. Bertako 27 etxe-unitatek izango dute instalazioaren onura. Horretaz gain, dagoeneko diseinatzen ari dira Munitibarko proiektua eta Mendexako bigarrena, eta 2026rako Gizaburuaga, Aulesti eta Amorotoko lanen egutegia zehazteko asmoa dute.
Bestelako energia iturriak ere aztergai dituzte: eolikoari begira bi herritan haizearen neurketak egin dituzte, eta energia hidraulikoaren inguruko lehen diagnostikoak martxan daude.
Batzar orokorra: babesa eta bultzada. Ekainaren 6an egin zuten urteko batzar orokorra, Gizaburuagako udal aretoan. 50 bazkide baino gehiago bertaratu ziren, eta beste hainbat ordezkatuta egon ziren. Kontseiluak aurkeztutako kontuak eta egitasmoak aho batez onartu zituzten bertaratuek.
Kooperatibak Zaintza Batzordea izendatu zuen, 100 bazkide baino gehiago izanik, legez hala dagokielako. Hiru kidek eta ordezko batek osatzen dute batzordea, eta kooperatibaren kontuak ikuskatu eta gainbegiratzea izango dute ardura. Halaber, enpresen sarrera kuotak eta bonu sozialeko bazkideen baldintzak arautzeko proposamenak ere onartu ziren.
Datozen hilabeteetarako bide orria. 2025-2026 urteetarako, Leargik hiru lan ildo nagusi ezarri ditu: kudeaketa eta antolakuntza, formazioa eta kontzientziazioa, eta energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa. Autogestiorako tresna digital berria martxan jartzea izango da lehen erronka handia. Plataforma horrek kuotak, itzuliak eta bestelako kontuak bideratzea ahalbidetuko du, eta kooperatibaren eguneroko jarduna erraztuko du.
Bestetik, energia kontsumo arduratsuaren inguruko informazioa zabaltzeko asmoz, tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzte herrietan, eta webgunea sortu eta eguneratu egingo dute. Bazkidetza zabaldu eta herritarren parte hartzea handitzea izango da beste helburuetako bat. “Gure asmoa da komunitatea hazten eta egituratzen jarraitzea, Lea Ibarreko herritarrei tresna baliagarria eskaintzeko”, adierazi dute Leargiko kideek.