Jai giro bete-betean ari dira ospatzen sanjoanak
Urteko egun luzeenetan murgilduta, garaiari dagozkion jaiak ospatzen dabiltza Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak: sanjoanak.

Urteko egun luzeenetan murgilduta, garaiari dagozkion jaiak ospatzen dabiltza Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak: sanjoanak. Pentsamendu txarrak uxatu eta onak ekartzeko eskatzeko tartea hartzen dute askok ekainaren buelta honetan, eta hori jai giro bete-betean sartuta egiten dute askok eta askok. Izan ere, herriko jai nagusiak ospatzen dabiltza batzuk, eta auzoetako jai giroan ari dira beste batzuk.
Hala, jaietako ospakizunez betetako asteburua izan da han-hemengoa. Herriko jai nagusietan herri bazkariak, jolasak eta musika kontzertuak izan dira nagusi. Esaterako, Ziortza Bolibarren bereziak dira sanjoanak. Txupina jaurtita hasi zituzten festak, eta paella janean bildu ziren 200 lagun inguru zapatuan. Gainera, herri giro horretan, herri olinpiadak egitera ere animatu ziren arratsaldean, Luhartz taldearen erromeriaz gozatu aurretik.
Aulestin, gazte egunagaz abiatu zituzten jaiak barikuan, brindisagaz, poteoagaz eta bazkariagaz. Egonaldia girotzeko bingo musikatua egin zuten, eta, arratsaldean, txokolatea eta saiheskia ere ez ziren falta izan. Musika Beretter eta DJ Arenek jarri zuten. Zapatua izan zuten egun handia, paella usainak hartu baitzuen plaza. Herri bazkariaren ostean, Ean eta Ziortza Bolibarren egin legez, jolasak izan zituzten aukeran, baita erromeria ere. Asteburua herriko dantzarien erakustaldiagaz biribildu zuten domekan, eta ostean, herri kirolak izan zituzten aukeran.

Herriko plaza bete zuten aulestiarrek herri bazkarian.Aulestiko jai batzordea
Herrietan ez ezik, auzoetan ere jai handiak dira sajoanak. Herrietako jaietan modura, herri bazkari eta osteko jolasetan bildu ziren nagusienak zein txikienak Markina-Xemeingo Amallon. Umeentzako mendi ibilaldian ere bildu ziren hainbat lagun, eta zelan ez, Zerutxu Dantza Taldearen emanaldiaz gozatu zuten. Herri bazkarian bildu ziren ostean, eta magia ikuskizuna eta gero, umeen jolasak eta zaldi probak izan zituzten aukeran. Markina-Xemeinen horren ohikoa den Hiru Txirlo txapelketa ez zen falta izan, eta, iluntzea Aissa Intxaustiren, Jon Maiaren, Maialen Lujanbioren eta Nerea Ibarzabalen bertsoek bete zuten zapatuan.
Ondarruko Gorozikara joan zen domekan Lujanbio, eta, beragaz bera aritu zen bertan Unai Agirre. Haurrek eurentzako ikuskizunari kasu eginda igaro zuten arratsalde hasiera, eta ostean, herri kirolak eta txokolate jana izan zuten aukeran.

Herri kirol erakustaldia izan zuten Gorozikan.Gorozikako Jai elkartea
Zelan ez, gaur (ekainak 23), suek hartu zuten protagonismoa. Denetariko jarduerak eta ekitaldiak antolatu dituzte han eta hemen, horietako asko tradizioari guztiz lotuta.
Aulestin, bihar, gainera, ohi legez, sobrek hartuko dute protagonismoa eta leiho, balkoi eta etxe aurreak lore lehiaketako lorek beteko dituzte. Eta, Ziortza Bolibarren, txistulariak egongo dira, eta sobre erakusketa egingo dute. Arratsaldean, berriz, Urtza Herri Kirol Taldekoek emanaldia eskainiko dute. Jaiak, berriz, etzi agurtuko dituzte, Zeargoi Dantza taldearen ikuskizunagaz eta umeentzako ikuskizun bereziagaz.





























