Lekeitioko Isuntza hondartzak Igerabideak zirkuitua hartuko du
Uztailaren 19an 12:30ean egingo dute aldundiak bultzatutako ur zabaletako igeriketako lehen proiektu berritzailearen zirkuitua.

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait urte daramatza itsasoko igeriketa bultzatzen, eta aurten “jauzi kualitatibo bat” emango du. Hain zuzen ere, kirola, komunitatea eta prestakuntza uztartzen dituen “eskaintza berritzailea” prest dute. Ondarroako Arrigorri hondartza eta Lekeitioko Isuntza dira gaur egun ur irekietan igerian ibiltzeko prestatutako Bizkaiko sei guneetako bi.
Aurten, berriz, guneei programazioa gehitu diete. Izan ere, uztailaren 19an 12:30ean lehen Igeribideak zirkuitua hartuko du Isuntzako hondartzak. Hori da, aurtengo berritasun nagusia. Igeriketa maila ertaina duten 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, 1.000 metroko zirkuitua delako. “Lehiaketa baino, zirkuitua esperientzia partekatu eta eraldatzaile gisa planteatzen da”, azaldu dute.
Horrez gain, bestelako ekimenak ere antolatuko dituzte, duela bi urteetan martxan jarritako masterclass-ez gain. Aurrerapauso bat eman nahi izan dute “belaunaldi anitzeko jardueren egutegi oso bat antolatzeko”. “Helburua da itsasoan modu seguruan errotzeko, iaksteko eta gozatzeko bideak sustatzea”, diote. Ekintzak irekiak eta doakoak direla gogoratu dute, familia zirkuituak, segurtasun tailerrak edota ingurumen boluntariotzari buruzko jardunaldiak.
Gainera, programaren “iraunkortasuna indartzeko eta tokiko eragileak gaitzeko”, itsasoko igeriketa-ekitaldien kudeaketari eta antolaketari buruzko online prestakuntza espezifikoa emango du Igeribideak ekimenak. Udal teknikariei, igeriketa talde eta federazioei, kirol eta turismo sektoreko enpresa pribatu eta itsasoko ekitaldien antolatzaileei dago bideratuta. Urritik aurrera jarriko dute eskuragarri aldundiaren kirol arloko prestakuntza plataforman.
Etapa berri horrekin, Igeribideak programak “sare bizi eta komunitario” izateko bokazioa indartzen du, eta pertsona gehiago animatu nahi ditu itsasoaz “modu kontziente eta seguruan” gozatzera, udalerriak gobernantza aktiboago batean inplikatzearekin batera”. Horrela, ur zabaletako igeriketa sendotu egiten dela diote, “lurraldean errotutako praktika irisgarria eta ekologikoa den aldetik”.