13 ikuskizun, Lekeitioko 35. Kaleka jaialdian
Uztailaren 4tik 6ra [barikutik domekara] Kalekak ostera ere berretsi nahi du ez dela soilik ikuskizunen jaialdi bat, "baizik eta komunitateagaz lotura estuan dagoen kultur mugimendua".

Kaleko arteak Lekeitio hartuko du beste behin 35. Kaleka jaialdiagaz. Uztailaren 4tik [barikua] 6ra [domeka] egingo dute, arte garaikidea, parte hartzailea eta berritzailea kalera ateratzeko apustuari “tinko” eutsiz. 13 ikuskizunez gozatu ahalko dute herritarrek, programa ofizialeko hamar emanaldi eta Scratch talean beste hiru.
Hain zuzen ere, beste urte batez asko izan dira parte hartzeko deialdi zabalean izena eman zuten konpainiak, 416 guztira. Gero, ordea, 13 bakarrik hautatu ahal izan dituzte. Horrek erakusten du Kaleka “erreferente” bilakatu dela Euskal Herriko kale arteen panoraman. “1989an sortu zenetik, hiru eguneko jaialdia izateaz gain, Kalekak urte osoko egitarauaren parte izan nahi du, kultura krktikoa, feminista eta komunitateari lotutakoa bultzatuz”, azaldu dute.
Aurtengo programazioaren “aniztasuna eta kalitatea” nabarmendu dute eta urte haueran bost kontinenteetako konpainiak ekarri dituztela Lekeitiora. Izan ere, aurten lau ildo nagusitan banatu dute programazioa. Batetik, programa ofizialean, ikuskizunak, tailerrak, esku-hartzeak, performanceak eta bestelako formatu berritzaileak egingo dituzte kalean bertan, Lekeitioko gune esanguratsu zein ezezagunetan. Bestetik, Scratch atalean, sorkuntza prozesuan dauden lanak erakutsiko dituzte, ikusleek eta artistek elkarrekin gogoeta egiteko espazioak eskainiz.
Horrez gain, Kalekaz Blai ekimena ere egin dutela gogoratu dute, urtean zehar herritarrekin garatutako jarduera artistikoak: prestakuntza-prozesuak, ezagutza-trukeak, elkarrizketak eta tailerrak. Ekainaren 7tik 27ra hiru ekintza egin izan dituzte. Azkenik, Kalekari izeneko sailean, adin guztietako publikoei zuzenduta, jaialdian “sentsibilizazio eta gogoeta estetikorako jarduera gisa” txertatzen dute. “Deialdi ireki baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonditatuko dugu, non ikusleek eta artistek arte jardunari buruzko jakinmina eta ezagutza trukatzeko aukera izango dute”.
Hain zuzen ere, Kalekari saila da aurtengo berritasunetako bat. Besteak dira Igor de Quadra Belausteguigoitia artistaren presentzia programazio artistikoaren berrikuntzan. Openkalerekin elkarlana, bitartekaritza artistikoko ekintza bereziekin eta Komorebi Kolektiboaren “Argillunak” ikuskizuna, Karrikan plataformaren bidez. Aurtengo Kaleka, beraz, ez da soilik ikuskizunen jaialdi bat, “baizik eta komunitatearekin lotura estuan dagoen kultur mugimendua, arte garaikidea, kalean eta komunitatean sustraitua”.
Egitaraua:
- Mimeoost konpainiaren Poesia fisikoa emanaldia, uztailaren 4an, 18:30ean eta 19:30ean, Eskolapean.
- Niñas Malditas konpainiaren De cerca emanaldia, uztailaren 4an, 19:00etan, monolito inguruan.
- Barolosolo konpainiaren Haute Heure emanaldia, uztailaren 4an, 20:00etan, Harri Kiskirria.
- Komorebi Produkzioak konpainiaren Argilunak emanaldia, uztailaren 4an, 22:00etan, Talako heliportuan.
- ATX Teatro konpainiaren Marmarra emanaldia, uztailaren 4an, 23:00etan, udaletxe aurrean.
- Goitibera antzerki konpainiaren Eraitsi SL antzerkia, uztailaren 5ean, 18:00etan, Harri Kiskirrian.
- Papito konpainiaren Cabinet de Curiosites Itinerant emanaldia, uztailaren 5ean, 19:30ean, portuan.
- Mimeoost konpainiaren Poesia fisikoa emanaldia, uztailaren 5ean, 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean, portuan.
- Enbata aldizkari bizia konpainiaren Enbata Urraska emanaldia, uztailaren 5ean, 21:30ean, Talako heliportuan.
- Soon konpainiaren Gregarios emanaldia, uztailaren 5ean, 23:00etan, udaletxe aurrean.
- Mama Crea konpainiaren Desiderata ikuskizuna, uztailaren 6an, 18;00etan, kofradia aurrean.
- Jimena Cavalleti konpainiaren B.O.B.A.S. emanaldia, uztailaren 6an, 19:00etan, Abaroa Jauregian.
- Hembrax koletiboaren Azazkaletan geratzen dena emanaldia, uztailaren 6an, 20:00etan, Harri Kiskirrian.
- La pez konpainiaren Plaza emanaldia, uztailaren 6an, 21:00etan, udaletxe aurrean.