Urmugak geldialdia egingo du Ziortza-Bolibarren
Urmuga ekimen herrikoi eta artistikoak Lea-Artibai zeharkatuko du uztailaren 14an. Izan ere, hilaren 13an ekingo dio Urmugak bere Bizkaiko ibilbideari, Araban bi egun egin eta gero, Gaztelugatxetik Ereñozarreko San Migelera ailegatzeko. Hurrengo egunean, Ereñotik Ziortza-Bolibarrerainoko bidea egingo du.

Euskal Herriko mendiak, bailarak eta herriak musikaz betetzen dituen Urmuga ekimen herrikoi eta artistikoak Busturialdea eta Lea-Artibai zeharkatuko ditu uztailaren 13an eta 14an. Izan ere, aurtengo nobedadea da Urmugaren ibilbideak duela 1.000 urteko Iruñeko Erreinuari jarraituko diola: bere gaztelu, etxe eta monastegietatik ibiliko da beraz, “lurraldea josiz, musika, natura, euskara, kultura eta historia bizia eginez”. Zehatz esateko, hilaren 13an ekingo dio Urmugak bere Bizkaiko ibilbideari, Araban bi egun egin eta gero, Gaztelugatxetik Ereñozarreko San Migelera —Iruñeko Erreinuko gaztelua izan zen— ailegatzeko; Gaztelugatxe, Burgoa, Bermeo, Mundaka, Atxarre eta Santimamiñe zeharkatu eta Ereñozar izango dute geltoki. Hurrengo egunean, Ereñotik Ziortza-Bolibarrerainoko bidea egingo du.
Dena dela, Bizkaian lau mendi etapa eta hiru musika emanaldi eskainiko dituzte egitasmoko kideek. Izan ere, Ereñon, lehen etaparen amaieran, ekimen berezia egingo dute. Azken urteetan Euskal Herrian hainbeste hedatu diren Kalean Kantuz ereduarekin bat egin eta saio “gogoangarri baten” protagonista bihurtuko dituzte Bizkaiko eta Euskal Herri osoko kantuzaleak.
Nahi duenarentzat eguerdian mahai inguruan eserteko eta asetzeko aukera eskainiko dute frontoian, baina horretarako aldez aurretik izena ematea eskatu dute. Gero, 17:30ean, ongietorria egingo diete mendizaleei, eta 18:30ean hasiko da kontzertua. Urmuga bandak eskainiko du emanaldia, Kristina Aranzabe eta Leire Beresaluzeren gidaritzapean.
Uztailaren 14an, Ereñotik Ziortza-Bolibarreraino ibiliko dira. Bertan, Lorea Zulaikak eta Et Incarnatus Orkestrak kontzertua eskainiko dute 18:00etan. Eta, hilaren 15ean, Ziortza-Bolibarretik Mañariara joango dira, Oiz eta Maume igaroz, gero Garai, Gederiaga eta Durangora zeharkatzeko Mañariara ailegatu aurretik. Hain zuzen, aurreratu dute bertan egingo dutela Bizkaiko emanaldi eta ekitaldirik handiena.
Izena ematea.
Urtero legez, Urmugaren ibilbideko edozein zati osa daiteke: egun bat, bi edo ibilaldi osoa. Bidean, mendi gidariak ibiliko dira urmugalariak laguntzen, eta jatekoa zein lotarako tokiak ziurtatuko ditu antolakuntzak. Kontzertuei dagokienez, batzuk doakoak izango dira, eta beste batzuetan diru ekarpena eskatuko dute kontzertuaren gastuei aurre egiteko. Hala, mendi ibilaldirako zein musika emanaldietarako izena emateko aukera egongo da www.urmuga.eus webgunean edota info@urmuga.eus helbidera idatzita.
Urmugaren antolatzaileek azpimarratu dute Bizkaian jasotzen ari diren babesa “oso handia” dela, bai aldundiarena, bai parte hartzen duten udalema. Mendi taldeen laguntza ere eskertu dute, eta nabarmendu dute urtetik urtera gorantz doala bertaratzen den herritarren kopurua.