Ondarru-Lekitto: “Berezia eta ospakizun eta aldaketa desberdinekin”
Gaur [uztailak 2] aurkeztu dute lasterketa Berriatuko bideo gelan. Irailaren 20an lehiatuko dute eta izen emate epea zabalik dago.

Udako gehiegikeriak alde batera uzteko edo udan martxan jarraitzeko. Aitzakia dena delakoa izanik, Lea-Artibai eskualdean errotuta dagoen lasterketa da VIII. Ondarru-Lekitto. Aurten, irailaren 20an lehiatuko dute. Gaur [uztailak 2] azaldu dituzte lasterketaren nondik norakoak Lekeitioko Tximista atletismo taldeko kideek. “Berezia eta ospakizun eta aldaketa desberdinekin” datorrela esan dute.
Lasterketari dagokionez, ez dute gauza handirik aldatu, “ondo dabilena hobe da ez ikutzea”. Ibilbideari dagokionez ez dago berritasunik, adibidez, irailaren 20an 17:00etan aterako dira Itsasaurretik eta lehen korrikalariak 18:00ak baino lehen helduko da Lekeitioko plazara. Guztira 16 kilometroko ibilbidea da.
Berritasunetako bat da, kasu honetan txarrerako, aurten ez dela txosnarik egongo, orain arte antolatu duen taldeak ezin duelako. “Txismitakoek ez daukagu egiturarik eta laguntzaile sare nahikorik egun osoko giro hori bermatzeko”, azaldu dute. Jendeaz hitz eginda, iaz gehienezko 250 korrikalarien muga bete ostean, aurten beste 50 parte hartzaileentzako tartea zabaldu dute, hau da, guztira 300 korrikalarik eman ahalko dute izena.
Hain zuzen ere, urtero bezala, uztailaren 1ean zabaldu zuten izena emateko epea. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, dagoeneko 20 bat korrikalarik egin duten bezalaxe. Tximistatik gogoratu dute irailaren 18ra arte egongo dela zabalik epea eta lasterketaren egunean bertan ezingo dela izena eman. 18 euro ordaindu behar dira abuztuaren 30era arte, eta 22 euro hortik aurrera.
Urtero bezala, autobus zerbitzua bermatuko dute lasterketaren aurretik eta ondoren Ondarroa eta Lekeitio artean. Era berean, kontsignak jarriko dituzte gauzak gordetzeko bi herritan. Ura edateko postuak 5. eta 10. kilometroan jarriko dituzte ohi bezala, eta amaieran ere jan-edana egongo da parte hartzaileentzako.
Sarietan, ordea, ez dago nobedaderik, iazko berak izango dira, berdinak neskentzako zein mutilentzako. Irabazleentzako txapela, garaikurra eta 250 euro, bigarrenentzako garaikurra eta 150 euro eta hirugarrenentzako garaikurra eta 75 euro. Gainera, Lea-Artibaiko bizkorrenek ere sariak jasoko dituzte, lehendabizikoak 75 euro, bigarrenak 50 euro eta hirugarrenak 25 euro. Azken urteetan ere taldekako saria jarri dute, herri bereko lehen lau korrikalarientzako 200 euroko saria emango diete. Gainera, parte hartzaileen guztien artean eskualdeko enpresa eta talde desberdinen produktuak zozkatuko dituzte.
Zortzigarren Ondarru-Lekitto lasterketa da eta iaz izan zuen parte hartzerik handiena 250 korrikalarigaz. Horietatik 44 izan ziren emakumeak, inoizko parte hartzerik handiena izanik. “Aipagarria izan orain arte izen eman dutenen artean dagoeneko bederatzi neska daudela, beraz, helburua iazko marka gainditzea da, parte hartze txikia izaten da normalean eta kutsu herrikoia nabarmendu nahi dugu gero eta gehiagok izena emateko”.
120 herri desberdinetako korrikalariek amaitu dute lasterketa, guztira 894 partaide desberdin izanik, gehienak, zelan ez, lekeitiarrak izanik. Are gehiago, badaude bost pertsona lasterketa denak amaitu dituztenak: Berriatuko Jon Garramiola, Gizaburuko Arnaitz Aboitiz, Eako Markel Arano, Arrasatek Mikel Arenaza eta Lekeitioko Unai Yañez.
Laguntza eta babesa
Ondarroa, Mendexa eta Lekeitioko lurrak zapaltzen baditu ere, eskualdeko izaera duen lasterketa da, inguruko udalek hauspotzen duten ekimena da. Gainera, Kide Kooperatibaren 50. urteurreneko ospakizunetako beste ekintza bat da Ondarru-Lekitto, eta hemen ere kamiseta bereziak diseinatu dituzte. Horregatik, Tximistatik eskerrak eman dizkiete, urteurrenagatik zoriontzeaz batera. Horrez gain, beste urteurren bati ere keinua egin nahi izan diote, Lekeitioko hiribilduaren 700. urteurrenari, hain zuzen ere. Hauek ere haien tokia dute elastikoan.
Horrez gain, aurkezpenean aditzera eman dute gaur egungo zuzendaritza taldearen azken urtea dela. “Lan talde berri bat dator, indar eta ilusio handiagaz proiektua aurrera jarraitzeko helburuagaz. Kirol taldean ere lan ikaragarria egiten ari dira eta gure esperantza denek elkarrekin aurrera egitea”, esan dute. Aldaketak tarteko, azpimarratu dute beti berdin mantentzen dena jasotzen duten “laguntza eta babes” guztia dela, “zuek barik ezingo genuke urtero Ondarru-Lekitto antolatu, ezinezkoa izango litzateke laguntzaile barik”.