Segurtasuna eta koordinazioa ardatz, Karraspion larrialdi-simulakroa egin dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin jardun dute Mendexako hondartzan egindako simulazioan.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetako larrialdiei aurre egiteko simulakroa egin dute Mendexako Karraspio hondartzan. Simulazioaren helburua hondartzetan gertatzen diren larrialdiei –hala nola kutsadura itsasora, erreskateak edo istripuak– ahalik eta modu koordinatuenean eta eraginkorrenean erantzutea izan da.
Ekitaldian bertan izan dira Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria, eta Maria Jose Uriarte Mendexako alkatea. Simulakroan hondartzain, suhiltzaile, Ertzaintza, Gurutze Gorria eta Osakidetzako langileek parte hartu dute, besteak beste.
Atutxak adierazi du gaurko jardunaldiarekin erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia erakutsi nahi izan dutela: “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak modu bateratuan segurtasunaren alde egiten dugula berrestera gatoz gaurko egunean”. Simulakroaren bitartez: “daukagun errekurtso eta operatiboak ahalik eta modu azkar eta bateratuenean erantzuten dutela bermatu ahal izango dugu”.
Ekintzen artean, kutsadura simulatu bat gertatu da hondartzan, eta horrek larrialdi-protokoloa aktibatzea ekarri du: hondartzako garbiketa berezia, pertsona bat helikopteroz erreskatatzea eta Gurutze Gorriaren esku-hartzea. Horrez gain, informazioaren eta espazioaren kontrola, jendearen segurtasuna eta kutsaduraren aurkako neurriak landu dituzte.
Atutxak gogorarazi nahi izan die herritarrei hondartzan dauden zerbitzuek ematen dituzten oharrak kontuan hartu behar direla: “Gogorarazi nahi diegu hondartzetako erabiltzaileei beharrezkoa dela hondartzan dauden hondartzain, udaltzain, sorosle eta gainontzeko agente guztien abisuei kasu egitea”.
Simulakroa amaitzean, erakunde arduradunek azpimarratu dute horrelako jarduerek “benetako larrialdien aurrean prestatzeko eta erantzuteko gaitasuna indartzen” dutela eta herritarren segurtasuna bermatzen lagundu.
















