Galiziako eta Euskal Herriko tradizioak uztartuta, Ondarroan
Euskal Herriko 36. Galizia Eguna ospatzen ari dira asteburuan Ondarroan. Gaur [uztailak 5] Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak emanaldia eskaini du.
Galiziako doinuek, usainek eta oro har giroak hartu du gaur [uztailak 5] beste behin Ondarroa. Ekainaren 13tik 15era Ondarroako Galiziar Etxeak Galiziako Letren Eguna eta Karmen jaiak ospatu ostean, oraingoan beste pauso bat gehiago eman dute. Hain zuzen ere, 36. Euskal Herriko Galizia Eguna ospatzen ari dira.
Ekitaldia Irmandade de Casas de Galiciak antolatzen du. Musika tradizionalaren, gastronomiaren eta adierazpen artistikoen bidez bi komunitateen arteko “lotura bizirik” mantentzeko konpromisoa berretsi nahi dute, “euskal tradizioekin partekatutako gune batean”.
Egitarauari hasiera atzo [uztailak 4] eman bazioten ere, gaur dute egun handienetako bat eta eguraldia lagun izan dute. Euskal Herria eta Galiziaren arteko elkarlan horren adibide, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak emanaldia eskaini du Itsasaurren. Era berean, bitartean, Galiziako Ardo Beltzen 20. Dastaketa Lehiaketa osatzen ari ziren.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, eguerdian bildu da jenderik gehien. Ibilalditik edo hondartzatik bueltan asko izan dira Galiziako askotariko produktuak dastatzera gerizpean jesarri direnak. Hain zuzen ere, jan eta edana protagonista izan da, eguraldiak eta giroak hori eskatzen baitzuen. Horrelako jarraitzeko intentzioa dute. Arratsalderako eta biharko ere egitarau bete-betea prest dute bihar [uztailak 6] 20:30ean 36. Euskal Herriko Galiziar Eguna amaitutzat eman arte.
Gaur, zapatua
-
17:30. Xoán Carlos Riloren O rosel do meu sentir diskoaren aurkezpena, Galiziar Etxean.
-
19:30. Pan Sen Fronen emanaldia.
-
22:30. Levaino ikuskizuna, Xurxo Fernandesen eskutik.
-
00:00. Gran Queimada,.
Bihar, domeka
-
11:00. Kalejira, Euskal Herriko Galiziar Etxeen Irmandadeko taldeek gidatuta.
-
11:00. Sukaldaritza lehiaketak (enpanada, tortila eta filoa).
-
12:30. Agintarien harrera.
-
12:45. Ekitaldi instituzionala.
-
17:30. Folklore jaialdia, Euskal Herriko Galiziar Etxeetako gaiteroen eta danza taldeen eskutik.
-
20:30. 35. Galiziar Egunaren itxiera.