Hainbat tokitako 100 ume inguruk parte hartu dute XV. Duatloi Txikian
Gaur [uztailak 4] goizean elkartu dira Zelaian Alarabi Alarabi Triatloi Taldeak antolatutako lasterketan. Arratsaldean Karmen Jaietako nagusien krosa lehiatuko dute.

Alarabi Alarabi Triatloi Taldeak antolatzen duen Duatloi Txikia gero eta gehiago egonkortzen ari da Lea-Artibai eskualdean. Hori bakarrik ez, gero eta gehiago zabaltzen eta hedatzen ari da eskualdeko mugetatik kanpo. Gaur [uztailak 5] osatu dute 15. ekitaldia eta beste behin ere erantzun bikaina izan du umeen aldetik. Adin guztietako 100 ume inguru elkartu dira Zelai inguruan.
Gainera, lehiaketatik kanpo, gozatzeko helburuagaz antolatzen dute, horren adibide da denek ala denek jasotzen dutela saria. Antolatzaileek parte hartzaile kopurua nabarmentzeaz gain, dagoeneko urtero 100 umeen langa pasatzen ari dira, bakoitzaren jatorria azpimarratu dute. Inguruko herrietako gazteez gain, egon direlako Bilbotik, Oriotik, Usurbiletik edota Gernika-Lumotik etorritako umeak. Horregatik, “oso pozik” agertu dira triatloi taldekoak, are gehiago, eguraldia lagun izan dutelako giro eguzkitsu eta epelagaz.
Ohi bezala, bost multzotan banatu dute lasterketa. LH1etik LH4rainoko ikasleek 250 metro korrika eginaz hasi dute ibilbidea; ostean, LH1 eta LH2ko gaztetxoen 325 metro egin dituzte bizikletan gainean, eta LH3 eta LH4koek, berriz, 800 metro. Amaitzeko, berriro ere 250 metro egin dituzte korrika. LH5 eta LH6koek, berriz, 325 metro korrika egin dituzte lasterketa hasi eta amaitzeko, eta tartean, aldiz, 800 metro bizikletaz. DBH1 eta DBH2ko gazteek, ostera, 500 metro korrika, 1600 metro bizikletan eta 325 metro korrika osatu dituzte. Nagusienek, berriz, 600 metro korrika, 2.400 metro bizikletaz eta 325 metro korrika eginaz amaitu dute.




















































































