Saturraranen eraketa geologikoa aztertzen duen erakusketa, ikusgai
Eguenean [uztailak 10] eta barikuan [uztailak 11] jarriko du ikusgai Antxon Uskola Urruzunok, Saturrarango Harbide pasealekuan.

Saturrarango haitzak lanean oinarrituta, Antxon Uskola Urruzunok erakusketa bat sortu du. Eguenean [uztailak 10] eta barikuan [uztailak 11] jarriko du ikusgai, Saturrarango Harbide pasealekuan. Eguen iluntzean jarriko du eta barikuan egun guztian egongo da ikusgai, eta eguraldiaren arabera, baita asteburuan ere. Bertan, ondarrutarrak Saturraranen eraketa geologikoa aztertzen du.
Horretarako, askotariko irudiak eta maketak jarriko ditu. Gogoratu du Saturrarango haitzek Gipuzkoako kostaldeko flysch beltzaren mendebaldeko muturra osatzen dutela eta 100 milioi urte inguruko sedimentu prozesuak erregistratzen dituela. “Erreferente” bat dela dio: “Funtsezko gertaera tektonikoak eta paleoingurumenekoak aztertzeko aukera ematen du, eta itsaslabar morfologiari eta irisgarritasunari esker, laborategi natural ezin hobea da”.
Ondarroako jaietan ere udal erakusketa aretoan ikusgai jarriko duela aurreratu du. Hala ere, lehenago herritarrei erakusteko “gogoak” zituen, urte askotako lana izan baita. “Itxaroten egon naiz dena prest izan eta eguraldiak aukera ematen zuenerako. Eta ez dago toki hoberik erakusketa egiteko Saturraran bera aurrean egotearekin baino. Horrela, herritarrek modu bisualago baten ikusi ahal dituzte ereduak eta azalpenak entzun”.
Geologiaren, artearen eta topografiaren arteko elkarrizketa baten bidez, “bolumenen, geruzen eta denbora dinamiken interpretazio berritzailea” sortzea bilatu du. “Analisi artistikoak paisaia ulertzeko eta irudikatzeko modu berriak ematen ditu, pertzepzio estetikoa zorroztasun zientifikoarekin integratuz”, azaldu du. Horregatik, airetiko argazkiak, digitalki prozesatutako irudiak, analisi marrazkiak edota pinturak uztartzen ditu.
Proiektuak diziplina anitzeko ikuspegiak Saturraranen “konplexutasuna ulertzeko eta transmititzeko duen ahalmena” erakusten duela dio. Geologiaren, topografiaren eta artearen arteko elkarrekintzak “ateak irekitzen” dituela dio beste diziplina batzuetan, “ezagutza zientifikoa eta sentsibilizazio kulturala aberastuko dituzten lankidetzak bultzatuz”. Hain zuzen ere, erakusketak zientziaren, teknologiaren eta adierazpen artistikoaren arteko harremanean sakontzen du.