1.600 zuhaitzeko baso autoktonoa jarri dute Berriatuan, Artibai ibaia hobetzeko
Aurretik ere antzeko lanak egin izan dituzte Artibai ibaiaren beste zati batzuetan, Markina-Xemeinen edota Ondarroan, adibidez.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Berriatuko Udalagaz eta Uraren Euskal Agentziagaz elkarlanean, 1.600 zuhaitzeko baso autoktonoa eratu du Berriatuan, Artibai ibaiaren ondoan. Hain zuzen ere, ibaiertzeko platanondo handiak kendu dituzte, eta horien ordez, 500 haltz, 500 lizar, 300 haritz eta 300 hurritz landatu dituzte.
Jarduerak 6.900 euroko inbertsioa ekarri du, eta Bizkaiko hainbat eremutan ibaiak eta basoak berreskuratzeko aldundia egiten ari den lanen parte da. Landaketak ibaiertzaren 500 metro inguru hartu ditu eta guztira 10.000 metro koadroko azalera. Lau hilabetetan osatu dituzte lanak.
“Helburua da ibaiaren berezko paisaia naturala berreskuratzea eta ekosistema hobetzea”, azaldu dute. Gainera, Gardotzako industrialdeko enpresei eragiten zien arazo bat konpondu dute: banana-zuhaitzen hostoak tximinia eta instalazioetara erortzen ziren, eta horrek eragozpenak sortzen zituen.
Baso berriak, “paisaia eta biodibertsitatea hobetzeaz gain”, Artibai ibaiaren babesa ere indartzen duela diote. “Artibai ibaia naturagune babestua da, Natura 2000 Sarearen barruan kontserbazio bereziko eremu gisa”, gogoratu dute. Aurretik ere antzeko lanak egin izan dituzte Artibai ibaiaren beste zati batzuetan, Markina-Xemeinen edota Ondarroan, adibidez, baina kasu honetan berrikuntza izan da autoktonoa ez den zuhaiztia ibaiertzeko basoarengatik ordezkatzea.