‘Bideaz gozatuz, gailurrak osatuz’, azken Helmugak erronka
Ander Txakartegik Bizkai, Araba eta Gipuzkoako tontorrik altuenak igo ditu umeen gaixotasun desberdinen aldeko beraien borrokan. Dokumentala egingo dute.

Hilabete eskas igaro da Euskal Herriko lau puntu kardinalak bizikletan gainean lotu zituztenetik. Baina Helmugak erronkak ez du etenik, eta dagoeneko hurrengo erronka osatu du Ander Txakartegik. Bideaz gozatuz, gailurrak osatuz deitu da. Bertan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako bost tontorrik altuenak igo ditu: Aketegi (1.551m), Aizkorri (1.523m), Gorbeia (1.482m), Aldamin (1.373m) eta Anboto (1.331m).
Hau da, guztira 220 kilometro eta 5.000 metro inguruko desnibela. Hori guztia egun bakarrean igo zituen, joan den eguenean [uztailak 10]. Hobeto esanda, 15 ordutan osatu zuen erronka. Oraingoa gainera berezia izan da oso, gravel bizikleta erabili duelako eta tarte batzuetan bizikleta bera sorbaldan jarri eta ibiltzen egin dituelako zenbait kilometro. Horregatik, “beldurra eta errespetua” eman dio azken erronkak. Hala ere, hasieratik “sentsazio bikainak” izan dituela nabarmendu du eta aurreikusitako denborak bete zituela. “Etxean ez nituen proba gehiegirik egin, soka batekin bizikleta lepoan jartzeko modua aurkitu nuen eta nahiko eroso ibili nintzen. Abentura puntu horrek ere asko motibatzen ninduen, zerbait berria eta berezia zelako, orain arte egin ez dudana”, azaldu du.
Ez du erronka txikirik ezagutzen, oraingoa ere erronka “berezia bezain gogorra” izan dela dio. Edozer, beti bezala, haurren gaixotasun desberdinen aldeko beraien etengabeko erronka eta borrokan. “Abenturarekiko grinak eta lurrarekiko maitasunak desafio paregabe honetan bat egiten dute. Erronka fisikoaz haratago, nork bere burua gainditzeko abentura bat ere badakar”, azaldu du.
Pedalkada eta urrats bakoitzean “edonork bere barnean dituen borrokak” erakusten dituela dio, eta horregatik, tontor bakoitza garaipen bat izan da. “Inolako beste baliabiderik gabe egin den erronka pertsonala da; tarte zailenetan bizikletaren pisua bizkarrean hartuz jarraitu dut, bizikleta tontorrera eramanez. Zailtasunei aurre egiteko gogoak, une oro bizitza bizitzeko gogoa erakusten baitu”.
Hori bai, azken orduko beroaldirik ez badago, aurtengo azken erronka izango da. Aurrerago, seguruaski, Urbegi Fundazioaren eskutik, iaz Marokora joan ostean, aurten Pakistanera joatea dauka aurreikusita. Dagoeneko gorriz markatuta duena 2026ko Helmugak jaialdia da. Maiatzaren 24an ospatuko dute Berriatuan eta ohi bezala, aurreko bi egunetan erronka berri bat osatuko dute. Datorren urtekoa gainera berezia izango da Bizipoza jaialdia ospatuko baitute.
Grabatuta
Bideaz gozatuz, gailurrak osatuz erronkak ere berezitik izango du asko, ibilbide guztia grabatu baitute bi kamarek, ondoren dokumental bat osatzeko. Euskara, euskal produktua eta euskal mitologia uztartu nahi dituzte bertan. “Euskal Herriko naturaren irudi ikusgarriak, hausnarketarako uneak eta kontakizun hunkigarriak uztartuko ditu. Pertsona, euskara eta lurra elkartzen dituen espiritua bizirik mantentzera gonbidatuko gaitu, baita bizitza intentsitatez bizitzera, oztopoak gainditzera eta ametsen alde borrokatzera”. Oraindik argitalpen datarik aurreikusi ezin badute ere, Mendi Jaia bezalako jaialdietara aurkeztu nahi dute. Horrela borobildu nahi dute ‘Bideaz gozatuz, gailurrak osatuz’ erronka.