Mendia eta musika uztarturik, Urmugaren doinuak Ziotza-Bolibarrera heldu dira
Ereñotik Ziortza-Bolibarrera arteko etapan parte hartzaileek naturaz eta kulturaz gozatu dute.

Euskal Herria zeharkatzen ari da berriz ere Urmuga ekimen nazionala. Musika eta mendia uztartzen dituen proiektu herrikoi eta kulturala, aurten, uztailaren 11tik 31ra bitartean dago martxan. Ekimena Busturialdetik igaro ostean, atzo Lea-Artibaira iritsi zen laugarren etapan, Ereñotik Ziortza-Bolibarrera arteko ibilbidean.
Mendi ibilaldian hainbat lagunek hartu zuten parte, eta haien hizetzan, “etxean bezala” sentiarazi zituzten antolatzaileek. Etapa amaieran, musikaren txanda izan zen Ziortza-Bolibarreko monasterioan. Herritarrek ez zuten hutsik egin eta han Et Incarnatus Orkestraren kontzertua entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Kontzertuak une hunkigarri ugari eskaini zituen. Lorea Zulaika ziortza-bolibartarraren ahots sendoak eta monasterioaren akustika bereziak bat eginda, giro berezia sortu zuten aretoan. “Mendian Gora Haritza” abestiaren interpretazioak bereziki ukitu zituen entzuleak, eta emozioz beteriko unea izan zen askorentzat. Et Incarnatus Orkestrari dagokionez, Parrita Tolosan gisako pieza klasikoak jo zituzten, eta Maitianun Zire doinuarekin borobildu zuten emanaldia. Publikoak txalo zaparrada beroarekin erantzun zuen, eskertuta eta hunkituta.

Urmugan parte hartzen ari den talde bat gaur, Oizen.Urmuga
Urmuga ez da ohiko jaialdi bat. Euskal Herriaren bi isurialdeak —Kantauriarra eta Mediterraneoa— mendi bizipenen eta musika emanaldi klasikoen bidez lotzea helburu duen egitasmo ibiltaria da. Aurten, bost ataletan banatu dute ibilbidea, eta Lea-Artibai Bizkaiko bigarren atalean kokatu da, uztailaren 13tik 16ra bitarteko zatian.
Ekimenaren hurrengo geldialdia Lea-Artibain hasi da gaur [uztailak 15]: Ziortza-Bolibartik abiatu eta Mañarira helduko dira mendizaleak. Bihartik aurrera berriz, Gipuzkoara jauzi egingo dute mendizaleek, eta hilaren 31ararte etapaz-etapa Santa Engraziraino iritsiko dira.
Tokian tokiko ondare naturala eta kulturala balioan jarriz, Urmuga: “herritarren partaidetzarekin eta eskualdeko sustraiekin bat eginda” ari da osatzen bere bidea.