Gobernu Kontseiluak Ispasterko eskola berriaren obretako kontratua onartu du
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 6 milioi euro baino gehiago inbertsioa egingo du eta zentroa 2027rako egitea aurreikusten du Ispasterko Udalak.
Ispasterko eskola berriak pixkanaka aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Azkena, Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak proposatuta, Ispasterko ikastetxe berriaren obretarako kontratuaren baimena onartu du Gobernu Kontseiluan. Erakundeek 6.295.886,42 euroko inbertsioa aurreikusi dute.
Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda Ispasterko alkateak esan du zentro berriaren sorrera “albiste bikaina” dela herriarentzat: “Eskola Txikien Sarearen barruan kokatuko den zentro honek gure haurrei kalitatezko hezkuntza eskuratzeko aukera bermatuko die, eta, aldi berean, landa-ingurunean bizi eta lan egin nahi duten familientzat baldintza egokiak sortuko ditu”.
Hala ere, nabarmendu nahi izan du ikastetxe berria ez dela hutsetik sortuko, azken urteetan eskuartean izan izan duten proiektua dela eta Hezkuntza Sailaren, herriko irakasleen, gurasoen eta Ispasterko Udalaren arteko elkarlanaren fruitua dela. “Denon artean egindako bidearen emaitza da, eta horrek ematen dio balio berezia”.
“Funtzeskotzat” jo du eskola berria etorkizunera begira. “Gure herriak etorkizunari begira hazteko eta biziberritzeko duen erronkan, hezkuntza zerbitzu sendo eta egonkorrak izatea funtsezkoa da. Zentro berriak ez du soilik zerbitzu bat eskaintzen: komunitatearen elkargune izango da, belaunaldien arteko harremanak eta herri nortasuna sendotzeko gunea”, adierazi du.
“Denon artean egindako bidearen emaitza da, eta horrek ematen dio balio berezia”
Hain zuzen ere, herriarekiko “konpromiso irmoa” berretsi du eskolaren berriaren proiektua hartzeko. “Hezkuntza komunitatearekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean arituko gara, zentro berri hau errealitate bihurtzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko”. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkio Hezkuntza Salari, eta bereziki Eskola Txikien Sareari, beren lanari esker herri txikiek ere aukera berdintasunez bizitzen jarraitu ahal dutelako.
Espazio handiagoa
Eskola berria egungo eraikina dagoen partzelan kokatuko dute, hau da, dagoen eskola eraitsiko dute. Horrez gain, irakaskuntza erabilerako partzela mugakide bat gehituko dute, hau da, ia beste 2.000 metro koadroko partzela. Eskola berriak hurrengo elementuak izango ditu: irakaskuntza eremua (haur hezkuntzako bi gela, lehen hezkuntzako hiru gela, banaketa gela bat, informatika gela bat, musika gela bat eta liburutegi bat), eremu komunak (jantokia, sukaldea eta gimnasioa), administrazio eremua (zuzendaritza eta idazkaritza eremua, artxiboa, irakasleen gela) eta zerbitzu komunak (komunak, aldagelak, biltegiak, garbiketa gela…). Kanpoko espazioen artean, jolasgune estali bat eta patioaren zabalkuntza (jolasgune berri batekin) nabarmentzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailatik esan dutenez, horrel “ikuspegi propioko sare bat osatzen duten Eskola Txikientzako babesa” gauzatu du berriz ere. “Inguruarekiko atxikimendu handiarekin, ikaskuntza-eredu aitzindariarekin eta metodologia iraultzaileekin, Eskola Txikiak jarraitu beharreko ereduak dira”.