Lea Ibarrako Lagunkoia taldea berraktibatuta itzuli da
Otsailaz geroztik Gizaburuagan elkartzen dira hilean behin eta bi lan ildo estrategiko ari dira lantzen.

Urte hasieragaz batera asko dira proiektu desberdinei heltzen diotenak. Horietako bat Lea Ibarra Lagunkoia taldea izan da, otsailetik berraktibatuta itzuli baitira lanera. Lea Ibarrako herrietako ordezkariek eta Lea Ibarrako lehendakari eta gizarte langileek osatzen dute. Helburu nagusiak argi dituzte, “herritarren bizi kalitatea hobetzea eta mankomunitate lagunkoiagoa eraikitzea.
Dinamika parte hartzailea berreskuratzeko intentzioagaz otsailetik hilean behin elkartzen hasi dira Gizaburuagan. Hasteko, taldeak aurreko urteetan egindako lana berrikusi du, eta balorazio horretatik abiatuta, hainbat erronka nagusi identifikatu dituzte. Horiei “modu eraginkorrean erantzuteko”, jarduera berriak abiatu dituzte. Gaur egun, bi lan ildo estrategiko ari dira lantzen: osasun-zerbitzuekiko kezka eta Lea Ibilbidearen egoera.
Batetik, azaldu dutenez, osasun zerbitzuek “hainbat zalantza eta kezka” sortu dituzte azkenaldian herritarren artean. “Batez ere zerbitzuen erabilgarritasuna, ordutegiak, larrialdi-protokoloak eta arreta espezializatuei dagokionez”. Lagunkoia talde eragileak erabaki du Osakidetzari gutun bat bidaltzea, “osasun-zerbitzuen egoera xehetasunez aztertzeko eta informazio ofiziala jasotzeko helburuagaz”. Erantzuna jasotakoan, informazioa bailarako herritarren artean zabalduko dutela esan dute, “gardentasuna eta eguneratutako informazioa bermatzeko”. Azaldu dutenez, helburua da “egoera argitzea eta hurrengo urratsak elkarlanean erabakitzea”.
Bestetik, Lea Ibilbidearen inguruko lanketa osatzen ari dira. Bidea “gero eta erabilera handiagoa” izaten ari dela diote, horrenbestez, “segurtasuna eta erabilera arduratsua bermatzeko helburuagaz”, kartel informatiboak jartzea erabaki dute. Kartelek bi mezu nagusi izango dituztela adierazi dute: abiadura murrizteko gomendioa eta ingurunea garbi mantentzearen garrantzia azpimarratzea. Orain kartelen diseinua lantzen ari dira, eta horiek non kokatu erabakitzeko azterketa egiten ari dira, bideko puntu estrategikoak identifikatuz.
Hala ere, argitu dute Lea Ibarrako Herri Lagunkoia taldearen lana ez dela soilik diagnosiak egitea edo arazoak mahai gainean jartzea: “Helburua da ekintza zehatzak abiatzea eta komunitate osoa prozesu horietan inplikatzea, ikuspegi lagunkoitik”. Horregatik, aurrerantzean ere “herritarren ongizatea eta parte-hartze aktiboa sustatzen” jarraituko dute, “udalerri lagunkoiagoak eraikiz”.