Mankomunitateak urte amaierarako martxan jarri nahi du hondakinak biltzeko sistema berria
Mankomunitateko kideek onartu dituzte hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuaren kontrataziorako oinarri tekniko eta administratiboak. Aurrerapauso “garrantzitsutzat” jo du eta helburu nagusiak dira "errefusa murriztea eta birziklatze tasa handitzea".

Lea-Artibai Mankomunitatea denbora darama hondakinen kudeaketaren inguruko lanketa egiten. Orain, “aurrerapauso nabarmena” eman dute. Izan ere, Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietako (Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar) gobernu taldeetako alderdien aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu dituzte hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuaren kontrataziorako oinarri tekniko eta administratiboak. Zerbitzu berriak errefusa murriztea eta birziklatze tasa handitzea ditu helburu nagusi bezala. Hondakinen kudeaketan “aurrerapausoak ematen eta herritarren onurarako lanean jarraitzeko konpromisoa erabatekoa” dela esan dute.
Mankomunitateko ordezkariek azaldu dutenez, “eskualdeko beharretara egokitutako oinarriak aditu eta entitate espezializatuek egindako diagnostikoari esker zehaztu dira, datu kuantitatibo eta kualitatibo eguneratuak eskuratuta. Horrez gain, udalerrietako negozio guztiak banan-banan bisitatuko dira, hondakinen kudeaketaren egoera eta beharrak identifikatzeko eta irtenbide egokienak proposatzeko. Aldi berean, herritarren iritziak biltzen jarraituko dugu, haien parte-hartze aktiboa sustatuz eta beraien ekarpenak jasoz”.
Gaur egun, Lea-Artibaiko hondakinen %57 errefusara doa; sailkapena hobetuz gero, kopuru hori %35era jaitsi daitekeela uste dute. Horretarako, hondakin organikoa etxeko edo auzoko konpostajearen bidez, baita bosgarren edukiontziaren bidez ere, bilduko dute, “errefusara doan zaborra gutxituz eta birziklatze-tasa handituz”.
Hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekiera kontrolatzeko sistema elektronikoak jarriko dituzte. Etxebizitza bakoitzak txartel bat izango du eta haren bitartez ireki beharko dute organikoaren eta errefusaren edukiontziak. “Horrek, hondakinen sailkapenean jarraipena egitea ahalbidetuko du eta herritarrak informatuta izatea hondakinak sailkatzerako unean egiten diren akatsez”. Aldaketa hauek pixkanaka gauzatuko dituztela esan dute eta urte amaierarako hondakinak biltzeko sistema berria bere osotasunean abian izatea aurreikusi dute.
Sentsibilizazioa
Diotenez, neurriak “funtsezkoak” dira Europako eta Espainiar Estatuko hondakinen aaudi berrietara egokitzeko eta eskualde jasangarriagoa bihurtzeko. “Guztion artean hondakinak ondo sailkatzen baditugu, birziklatze-tasa igo eta ingurumen kalteak murriztuko ditugu, gure etorkizuna babestuz”. Hain zuzen ere, herritarrak kontzientziatzeko askotariko sentsibilizazio ekintzak abitu ditu Mankomunitateak.
Hondakin organikoa sailkatzen hasteko izen ematea ere zabalik dago. Webgunean egin daiteke eta bertan gida praktikoa eta informazio gehiago jarri dute eskuragarri. Zalantzak argitzeko, Mankomunitateak doako telefonoa (900 104 878) eta posta elektronikoa (lurralde@lea-artibai.org) jarri dituzte eskura. “Lea-Artibai Mankomunitateak herritar guztiak gonbidatzen ditu kanpainan parte hartzera, egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatea bermatzeko”, azpimarratu dute.