Pintura lehiaketa errepikatuko dute aurten ere
Zapatu [uztailak 19] goizean egingo dituzte margolanak eta arratsaldean osatuko dute sari banaketa.
Ispasterko Udalak, iazko harrera bikaina ikusita, pintura lehiaketa errepikatuko du aurten. Zapatuan [uztailak 19] lehiatuko dute, 08:00etatik 10:00etara margo oihalei zigilua jartzen ariko dira frontoian. Nahi duten artista guztiek parte hartu dezakete, baina obrak aire zabalean egin beharko dituzte, Ispasterren bertan. Gaiari dagokionez, Ispaster eta bere jendea da, teknika, berriz, librea da, baina ezin izango da argazki batetik margotu.
Lan guztiak, haurrenak, gazteenak zein nagusienak, 14:00etarako entregatu beharko dituzte. Betiere kuadroak bere astoagaz entregatu behar dituzte. Epamahaia antolakuntzak erabakiko du eta haien erabakia “apelaezina” izango dela aurreratu dute. 16:30ean banatuko dituzte sari guztiak. 0-12 urte bitarteko umeen kategorian, lehenengo hirurek pintura eta maleta bana irabaziko dituzte. 12-18 urte artekoetan irabazleak 120 euro eramango ditu etxera, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 60 euro. Azkenik, nagusien artean, 1.000 euro irabaziko ditu txapeldunak, 800 euro azpitxapeldunak eta 500 euro hirugarren sailkatuak. Aurten, berrikuntza modura, sari berezi bat sortu dute, Brotxa librea izenekoa, Albert Oehlenek banatuko du eta 500 euroko saria izango da.
Horrez gain, lehiaketan parte hartzen dutenen artean lanen aukeraketa bat egingo dute eta Iñigo Egiluz aretoan jarriko dituzte ikusgai lehiaketa amaitu eta hurrengo bi asteetan. Gainera, koadroak erosteko aukera egongo dela esan dute antolatzaileek.