Espainiako Auzitegi Gorenaren euskararen aurkako erabakiaren kontra elkarretaratzeak deitu dituzte
‘Euskararekin bat’ lelopean, zapatuan [uztailak 19] 12:30ean herri bakoitzeko udaletxearen aurrean elkartzeko deia egin du Uemak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskararen erabilerari abaroa emateko araudiaren kontra kolpe gogorrak eman ditu justiziak azken urteotan; udal legea bera eta hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretua baliogabetzea zuten helburu zenbait sententziatan, eta gaur [uztailak 17] Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi du berretsi egin duela epai horietako bat.
Hain zuzen ere, Voxen eskeak aintzat hartuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak emandakoa. Hainbat artikulu baliogabetzea ontzat eman zuen epai hark, eta Auzitegi Gorenak egokitzat jo du orain. Artikulu bakar batean jo du ontzat Eusko Jaurlaritzak araubidearen alde egindako defentsa, eta horri bakarrik eman dio oniritzia: gainerakoak atzera bota behar dira.
Gorenaren epaiaren arabera, herrialde batean hizkuntza koofizialak daudenean batek ezin du “lehentasunik” izan bestearen gainean. Horiek horrela, hizkuntzen arteko “desorekak” eragotzi egin behar dira. Euskara lehenesten duten lege irizpideak ezin direla ezarri esan nahi du, eta horregatik direla baztergarriak udal legea eta hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretua. “Ezin da neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”, ebatzi du.
Onartu du euskara sustatzeko neurriak eta politikak ezarri behar direla, baina “neurtuak” izan behar dute. Hortik ondorioa: “Ezin da hizkuntzetako bat lehenetsi”. Era berean, sententziaren arabera, herritarrek udal erakundeekin duten harremanetan hizkuntza hautatzeko duten eskubidea ezin da inoiz auzitan jarri.
Elkartzeko deia
Epaia “larritzat” jo du Uemak, “batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die”. Horregatik, Uemako 118 udalei eta bertako herritarrei dei egin die “epaia salatzera eta euskaldunen eskubideen alde egiteko” kaleak hartzera. Euskararekin bat lelopean, zapaturako [uztailak 19] egin dute deialdia, 12:00etan herri bakoitzeko udaletxe aurrean elkartzeko deia egin dute. Dagoeneko Mendexa, Aulesti edota Lekeitio bezalako herrietan deialdia zabaldu dute.
Uemak adierazi du euskara “bigarren mailako hizkuntza izatera” kondenatu dutela. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi bezala, gogoratu dute euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela. “Euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua”.