Ozen eta argi aldarrikatuz, askotariko jai bizien aldeko apustua eginez
Mutrikuarrak gogotsu hartzen dituzten datetan murgiltzear daude: Malen jaietan. Ohikoa baino lehenago hasiko dira Mutriku kolorez jantziko duten jaiak; uztailaren 21ean hasi ordez, bihar hasiko baita festa giroa. Aurtengo kamiseten kolore zein leloa gaur arratsaldera arte jakiterik ez dagoen arren, Bizixo Jai Konpartsako kideek gazteei dei zuzena egingo dien leloa izango dela aurreratu dute.

Urtez-urte, jairik-jai, leloz-lelo eta kolorez-kolore. Horrela pasatzen dira Malen jaiak Mutrikun. Bizixo Jai Konpartsak, bere aldetik, horretan bere aletxoa jarri, eta adin eta gustu guztientzako egitarau oparoa plazaratu du, beste behin.
“Egitarau zabal eta parte hartzailea” izateko helburuz antolatu du jai konpartsak egitaraua. Gustu desberdinen abagune izango da, beraz, Mutriku, datozen egunetan. Inoiz baino luzeago datoz, gainera, aurtengo jaiak. Uztailaren 21ean hasi beharrean, 19ra aurreratu dute aurten jaien hasiera.
“Gure urteroko helburua argia da: ahalik eta jende gehien etorraraziko duen egitarau bat proposatzea, musika, ekintza, jolas eta abar desberdinak uztartuz”, adierazi dute Bizixo Jai Konpartsako kideek. Izan ere, azpimarratu dutenez, haiek antolatutako egitarauak jendearen erantzun ona izatea “berebizikoa” da haientzat.
Jaiak luzatzeaz gain, berritasunak ere hartu dituzte kontutan konpartsakideek, eta besteak beste, haurrentzako ekintzak sartu dituzte lehenengoz, beraien egitarauan. Berritze horren arrazoia edozein herritar Bizixo Jai Konpartsak antolatutako egitarauaren parte izatea dela azaldu dute. Horrez gain, bertso saioa urtez urte mantentzen den ekintza den arren, aurten, bertso saio hori musikatua izateko aukera ekarri du konpartsak. Aipamen berezia egin dute, musikarietako batzuk mutrikuarrak baitira, eta konpartsakideentzat hori “oso garrantzitsua” da.
[IKUSI MALEN JAIETAKO EGITARAUA]
Ia prest dute dena jai giroan murgiltzeko. Izan ere, ezusteko bat dute oraindik erakusteko: kamiseta. Hain zuzen ere, urtero ezustekoak izaten dira Malen jaietako kamisetaren kolorea eta leloa: “Jai batzordetik urtero saiatzen gara kamisetaren ezaugarriak ez filtratzen, misterio puntu bat emate aldera. Baina, aurreratu dezakegu gazteei antolatzeko deia egiten dion lelo apelatiboa izango dela aurtengoa, eta oso polita dela”. Gaur amaituko da misterio hori; izan ere, 18:30ean jarri dute ordua kamisetak eta zapiak banatzeko, eta beraz, horiek ikusteko hitzordua izango da.
Gazte Eguna izango da bihar jaien irekieraz arduratuko dena. Eta, horrek mutrikuarrentzat duen garrantzia gutxi balitz, esan dute 310 pertsona bilduko direla biharko Gazte Eguneko bazkarian. Bizixokoek zehaztu bezala, urterik urterako hazkunde nabaria ikusi dute Gazte Eguneko parte hartzean, eta horregatik “oso pozik” daude.
Aurten, gainera, bazkari autogestionatuaren aldeko apustua egin, eta konpartsaren gain hartu dute horrek dakarren guztia. Azken urteetan kanpoko enpresa desberdinek prestatu izan dute Gazte Eguneko bazkaria, baina “asko garestitu da dena”, konpartsakideen hitzetan; eta ez dute nahi muga ekonomikoa izatea jendea gazte eguneko bazkarira ez animatzearen arrazoia. “Hori kontuan izanik, autogestio bidez probatu nahi izan dugu; ez bakarrik arlo ekonomikoari begira, baizik eta talde izaera bat indartze aldera ere bai”, plazaratu dute.
Protokoloa
Era berean, Malen jaietako eraso matxisten aurkako protokoloa nabarmendu nahi izan dute Bizixokoek. Ekainean aurkeztu zuten, eta ozen eta argi esan nahi dute inolako erasorik gabeko jaiak nahi dituztela. Protokoloaren garrantzia azpimarratzeaz gain, adierazi dute “funtsezkoa” dela halako jarreren aurrean prebentzioa lantzea eta aurre egiteko erantzun egokia ematea: “Protokoloak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita prebentzioak eta edozein erasoren aurrean erantzunak duena ere”.
Aurreko urteetako protokoloarekin alderatuz aldaketak “nabarmenak ez diren arren”, esperientzian oinarrituta, hainbat puntu hobetu dituztela adierazi dute: “Derrigorrezkoa ikusten dugu urtetik urtera berrikustea, eta behar desberdinei erantzuna ematen saiatzea. Protokolo lantaldea martxotik bildu da bi asterik behin. Indarkeriarik gabeko jaiak nahiko genituzke, baina, gaur egungo egoera ikusita, fokua erantzun bateratu bat ematean ipintzen dugu”.
[IKUSI MALEN JAIETAKO EGITARAUA]
Izan ere, herriarentzako eskaintza bat ematen du Bizixo Jai Konpartsak, eta argi esan dute indarkeria matxistaren aurka kokatzen direla. Horregatik, ez dute protokoloa indarkeria matxistaren erantzun gisa soilik ulertzen, baizik eta “aurretiazko kontzientziazio lan gisa”.
Beraz, Malen jaixetan erasoik ez lelopean, hitzordua finkatu dute jaiei hasiera eman baino egun bat lehenagorako. Horrela, gaur elkarretaratzea egingo dute, eta hori “handia” izatea nahi duten heinean, bertaratzeko deia egin diete herritarrei nahiz inguruetako bizilagunei. “Jaietan zehar erantzun eraginkorrak emateko protokolo bat martxan egongo dela adierazteko baliatuko dugu elkarretaratzea, eta noski, protokoloaren nondik norakoak azalduko ditugu”, argitu dute.
Konpartsa, “osasuntsu”
Edozein herriko konpartsa oro aurrera eramatearen oinarria da belaunaldi aldaketa bermatuta izatea, eta adin guztietako jendearen parte hartzea edukitzea. Jendearen gogoa. Gainera, jai konpartsa bizia sortze aldera ere, aldaketa hori nahitaezkoa dela badakite Bizixokoek.
Azpimarratu dute Bizixo Jai Konpartsa “oso osasuntsu” dagoela gaur egun, eta orain arteko adin desberdinetako jendearen interesa eta laguntza ikusita, urte askotan biziraungo duela Bizixok.