Oldarraldiaren aurrean, euskararen "lege babesa"
Espainiako Auztegi Gorenak asteon plazaratutako hizkuntza "koofizialen lehentasun ezaren" epaia salatu dute gaur [uztailak 19] herritarrek, eta euskararentzako "berehalako justizia deialdia" luzatu dute.

Euskararen aurkako oldarraldiak —oraingo honetan, esparru judizialetik abiatuak— aurrera darrai. Espainiako Auzitegi Gorenak asteon eman du aditzera “hizkuntza koofizialak” dituzten herrialdeetako hizkuntzen kasuan, horietako batzuek ezin dutela besteen gaineko “lehentasunik” eduki. Epai horregaz aintzatetsi du euskara lehenesten duen lege irizpiderik “ezin dela ezarri”. Ondorioz, auzitegi horrek argi berdea erakutsi dio udal legearen eta hura hizkuntzaren alorrean aplikatzeko dekretuaren bazterketari. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Auzitegi Gorenak VOXen eskaera aintzat hartu ostean iritsi da epaia. Argudioa argi askoa da: “Ezin daiteke inongo neurririk hartu, hizkuntza koofizialetako bat gailendu dadin, horrexek berak urratu egingo lukeelako koofizialetasun linguistikoa”.
[LEA-ARTIBAIKO ELKARRETARATZEAK]
Hautu horrek errepresentatzen duen “epai larriaren” aurrean, Uemak elkarretaratze herritarrak deitu ditu gaur [uztailak 19], Euskal Herriaren luze-zabalean. Hain zuzen ere, Uemaren parte diren 108 udaletako ia 100 kaleratu dira, baita milaka herritar ere, han-hemengo udaletxeen aurrealdeetara. Salatu dute euskara “bigarren mailako hizkuntza” izatera kondenatzen ari direla, eta euskaldunen hizkuntzarentzako “justizia eskaera” egin dute: “Euskarak, benetan aurrera egin dezan, lege berria behar du”.
Martin Aramendi: “Euskarak benetako babesa behar du, hizkuntzaren ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzian jartzen ari baitira”
Martin Aramendi Uemako lehendakaria Ataungoan egon da, eta egoeraren larritasuna izan du hizpide: “Egoera ikusita, euskarak benetako babesa behar du, hizkuntzaren ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzian jartzen ari baitira”. Halaber, epaiaren larritasun kinka horrek “berehelako erantzuna” behar duela azpimarratu du; alde horretatik, eskerrik beroenak eman dizkie ataundarrak gaurko deialdiagaz bat egin duten “udal, erakunde, elkarte eta milaka herritarrei”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek ere ozen adierazi dute euskaragaz direla, eta horrela izaten segitu nahi dutela: “Euskara lehenesten dugu, euskaldunak garelako, euskara delako gure hizkuntza, euskaraz garelako eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez udalerri elebidunen mankomunitatea”. Euskarari dagokion lekua ematea euskarentzat justizia egitea dela aldarrikatu dute, zapaldua eta gutxietzia izan denari duintasuna itzultzea eta egindako kaltea konpontzeko jartzeko bidea jartzea: “Horregatik, udalerri euskaldunentzat mugarria izan da EAEko Udal Legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Ezagutu dugun epaiak, ordea, Udal Legea kimatu, eta ebatzi du ezin dela neurrik hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”.
Epaia “oso larria” dela salatu dute, euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren kontrakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere badelako, “ondoan gazteleraren makulua ez duenean”. Beste behin ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak “albo batera utzi” izana leporatu diote Espainiako justiziak. Gainera, bereziki, udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela gogoratu dute: “Espainiako justiziak urteak daramatza udalerri euskaldunen jardunaren kontra, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz”.
Uemako kide diren udalei eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokiela adierazi dute, “minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematen”. Euskarak justizia behar duela azpimarratu dute, eta Espainiatik heldu dena ez dela justizia salatu: “Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari”.
Elkarretaratze gehiago, bidean.
Adostasun “sendoen” beharrizanaz eta euskara “benetan” jagon ahal izango duen “lege babesaz” mintzatu da presidentea. Hain zuzen, lege babes horren lanketara bat egiteko deia luzatu die alderdi politikoei: “Euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari uztea eta benetako justizia izatea merezi baitugu”. Ildo horretan, euskalgintza “hainbat eragilerekin” elkarlanean, mobilizazio berriak prestatzen ari dela aurreratu du, eta Uemak horiekin bat egingo duela iragarri.
Argazkiak: Iker Etxebarria, Paola Bakedano, Ainhoa Onaindia, Ondarroako Udala eta HITZA































