Berriatua oso nagusi izan da Mutrikuren aurkako Herriarteko finalean
Zapatuan [uztailak 19] Berriatuko Mendibarren frontoiak hartu zuen Euskal Herriko kluben arteko finala.

Berriatuko zesta eskola ostera ere izendatu da Euskal Herriko Herriartekoan txapeldun. Eta zelan gainera, zapatuko [uztailak 19] finalean Mutrikuren gainetik pasa baitziren berriatuarrak. Hiru partidak nagusitasunez irabazi zituzten, Danok Bat klubekoei aukerarik eman barik.
Ohi bezala, kadete mailako partidak eman zion hasiera finalari. Lehen tantoetan berdintasuna izan bazen nagusi, berehala alde egin zuten markagailuan Aimar Urkiri eta Inhar Aldazabal berriatuarrek. Beñat Beristain eta Erik Agirregomezkorta mutrikuarrak nahi eta ezin aritu ziren, eta azkenean etxeko bikotea 30-12 nagusitu zen. Bide beretik joan zen gazteen partida. 3-2tik 9-2ra arte joan ziren Denis Alberdi eta Aratz Goikoetxea eta hortik aurrera erabat nagusi izan ziren Ekhi Lete eta Aiur Txurrukaren kontra: 30-9. Txapela eta garaikurra dagoeneko etxean geratuko zela ziurtatuta bazegoen ere, nagusien mailan ere nagusitu agertu ziren berriatuarrak. Antxon Alberdik eta Ortzi Aldazabalek 30-14 hartu zituzten mendean Zuhaitz Arrillaga eta Aitor Andonegi.
Berriatuko zesta eskolatik “oso pozik” agertu dira Euskal Herriko Herriartekoaren garaipenagaz: “Orain arte eta gaur egun egiten ari garen lan onaren emaitza eta eskerrak eman nahi dizkiegu posible egin duten guztiei”.