Haizea, olatuak eta ezustekoak: asteburu gorabeheratsua Eusko Label Ligan
Ondarroa eta Lekittarra gorabehera artean aritu dira Pasaiako eta Orioko uretan. Azken honetan, Lekittarrak erakustaldi bikaina eman zuen baldintza zailen erdian.

Eusko Label Ligako asteburuko jardunaldi bikoitzak egoera meteorologiko zailak eta gorabehera handiko emaitzak utzi ditu. Zapatuko Pasaiako estropada erlojupeko formatuan lehiatu zen, eta igandean, Orioko kanpoaldeko uretan, haizeak eta olatuek estropada erabat baldintzatu zuten.
Zierbena izan zen garaile larunbatean, 19:52ko denborarekin. Hondarribia eta Orio izan ziren bigarren eta hirugarren. Haizeak erabat baldintzatu zuen lehia, eta horren ondorioz, bigarren txandan lehiatu ziren traineruek, hala nola Hondarribiak eta Getariak, denbora onak lortu zituzten. Horrek kalte egin zien ohorezko txandan aritu ziren Donostiarrari eta Bermeo Urdaibairi. Hala, Donostiarra bosgarren izan zen, eta Urdaibai zazpigarren. Ondarroa zortzigarren sailkatu zen, bigarren txandako 3. denborarik onenarekin. Lekittarra, berriz, bederatzigarren izan zen, lehen txandako bigarren onena izanda.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Igandean, estropada ikusgarria izan zen Orioko uretan, baina baldintza meteorologikoek lehia are gehiago zaildu zuten. Itsaso nahasia eta haize bortitzak izan ziren protagonistak, eta horrek zenbait traineruri marka hobeak ezartzea ahalbidetu zien lehen txandan.
Horrela, Lekittarra bigarren sailkatu zen, lehen txandan lehiatu arren, 21:43ko denborarekin, eta Donostiarra hirugarren, bigarren txandan arituta. Biak ala biak, ohorezko txandako zenbait traineruren aurretik sartu ziren. Oriok ez zuen barkatu etxean, eta 21:20ko denborarekin, Orio Kanpina Bandera irabazi zuen, lidertzari eutsiz.
“Saguaren” erakustaldia Orion. Lekittarraren estropada aipagarria izan zen. Lehen txandan atera ziren, eta azken luzean egindako lanari esker, Iñaki Goikoetxea “Sagua” patroiaren gidaritzapean, denbora bikaina ezarri zuten. Oriok bakarrik gainditu zuen hori.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Ondarroak igandean emaitza oso kaskarra lortu zuen 12. helmugaratuz. Ondarrutarrek bigarren txandako baldintza kaskarrak zirela eta, estropada hasiera hasieratik etengabe sufritu zuten luze guztietan zehar. Hori dela eta, azken postuan helmugaratu ziren eta sailkapen orokorrean ere 10. postura jauzi dira.
Esan liteke asteburu honek erakutsi duela eguraldiaren aldagaiek estropada batean duten pisua, eta horrekin batera, denbora erlatiboa izan daitekeela, batez ere lehen eta bigarren txandetan aritzen direnek emaitza harrigarriak lortzen dituztenean. Lekittarra izan da horren adibide garbia.