Kidek “argiago eta sakonago” landu nahi du euskararen erronka
Berriatuko kooperatibak euskararekiko konpromisoa berretsi du plan estrategiko berriarekin.

Kide kooperatibak 2025-2028 epealdirako plan estrategikoa aurkeztu du, eta bertan euskararekiko bere konpromisoa berretsi nahi izan du. Euskararen arloko helburu eta estrategiak berritu ditu “argiago eta sakonago” lantzeko. Hain zuzen ere, “proaktibotasuna eta gizartearekiko konpromisoa” erakutsi nahi dute.
Berriatuko kooperatiba bere 50. urteurrena ospatzen ari da 2025ean eta gogoratu dute bere euskara planak 20 urtetik gorako ibilbidea duela. Dioetenez, Kiden, euskararen ahozko erabilera orokorra %66koa da (kontuan izanda erakundean barruan eta kanpokoekin egindako elkarrizketa guztiak), eta %80koa da euskaldunen arteko erabilera.
Euskara planaren misio berrian hurrengokoa jaso dute: “Barrura begira Kide osatzen dugun langileok eta etorriko diren berriak lana euskaraz egitea naturaltasunez eta iraunkortasunez; eta eraldaketa modu proaktiboan eragitea bai Kide barruan eta baita euskal gizartean ere, horretan erreferente izanez”.
Gauzak horrela, “aitzindari izateko gogoa eta ilusioa” transmititu nahi dute, eta horretarako, “lankidetzan eta kooperazioan” lan egiteko prest daudela diote. “Erronka exijentea dela jakinda, egungo langileei eta etorriko direnei baliabideak eskainiko dizkiegu, horiek laneko funtzioak euskaraz bete ditzaten lan tresnak erabiltzerakoan, bileretan, ahozkoan eta idatzizkoan”.
Ekarpena
Erronka horretara iristeko diote “garrantzitsua” izan dela azken hiru-lau urteotan Kidek egin duen eraldaketa prozesua: Txinako eta Zestoako plantetako produkzioak Berriatuko lantegian zentralizatu ditu. Horrela, Lea-Artibai eskualdeko ekonomiaren garapenean ekarpena egin duela, “bertan lanpostuak sortzearen aldeko apustuaren bidez”. Hazte eta eraldatze prozesu horri jarraipena emateko hausnarketa estrategikoa bideratu dute. Euskara arloan ere azala eta mamia, biak, berritu ditu, eta marka berriarekin egingo du aurrerantzean ibilbidea Kideko Euskara Batzordeak.