Mutriku Master Serieseko finalak baditu puntistak
Barikuan Mutrikuko Miruaitz Pilotalekua goi mailako zesta-puntaren eszenatoki bihurtuko da. Mutriku Master Seriesaren finalak lehiatuko dira: emakumezkoetan, Lizardi eta Ortiz de Mendibilek, Otaño eta Arakistain izango dituzte aurkari. Gizonezkoetan, berriz, Urreisti eta Zabala, Barandika eta Ibarluzearen aurka lehiatuko dira.

Lehenengoz, Mutriku Masteer Series txapelketa Jai Alai Ligarako puntuagarria da aurten. Horrek, egungo puntistarik onenekin osatutako bikoteen norgehiagoka ahalbidetzen du. Uztailaren 11an burutu zen lehenengo jardunaldia, eta bigarrena, berriz, barikuan (uztailak 18), final handirako txaetelak eskuratzeko helburuz. Datorren barikuan (uztailak 25) izango da emakumezkoen zein gizonezkoen finala, 20:00etatik aurrera.
Emakumezkoen finalak bi mutrikuar lehiatuko ditu, bata bestearen kontra. Izan ere, Eneritz Lizardi mutrikuarrak eta Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak osatutako bikoteak, Oaia Otaño mutrikuarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra izango ditu aurkari, barikuan, Miruaitz Pilotalekuan. Otaño eta Arakistain lehenengo finalerdian sailkatu ziren, Elaia Gogenola berriatuarra eta Mercadié Romane okzitaniarraren kontra ozta-ozta irabaziz; lehen bi setetako berdinketaren ondorioz, hirugarren setean erabaki zen nortzuk lortuko zituzen final handirako txartelak.
Iragan barikuan (uztailak 18), berriz, Lizardik garaipenarekin ospatu zuen, urte eta erdiko lesioaren ondoren, kantxetarako itzulia. Duela hiru urte Munduko Txapelketa absolutua irabazi zuen bikotearekin, Maite Ortiz de Mendibilekin jokatu zuen, hain zuzen ere, eta 15-9, 15-9 irabazi zieten Oihana Sorozabal eta Maia Goikoetxeari.
Gizonezkoen lehia ere goi mailakoa izan da Mutriku Master Seriesean, eta horren erakusle izango da barikuko finala. Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrak osatutako bikoteak Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarraren aurka lehiatu beharko dira; lehenengo bikoteak iragan barikuan lortu zuen finalerako gonbidapena, Mikel Mantzi mutrikuarraren eta Alex Goitia markina-xemeindarraren aurka 15-13 eta 15-14 irabaziz. Barandika eta Ibarluzea, ostera, lehenengo finalerdian sailkatu ziren, Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarraren eta Julen Del Rio gasteiztarraren kontra 15-13 eta 15-7 irabaziz.