Osa eta Ormaetxea nagusitu dira Legarmendiko III. kilometro bertikalean
Madalen auzoko jaietako ekintza izarretako bat izan da eta guztira 35 partaide izan ditu.

Igoera Herrikoien Ligako proba gehienak auzoetako jaiekin daukate lotura zuzena. Askotan gainera egitarauko ekintza nagusietako bat izaten dira. Horrela izan da, adibidez, Legarmendiko III. kilometro bertikala, Madalen auzoko jaien barruan. Guztira 35 partaide izan ditu.
Emakumezkoetan, azkarrena Ioana Osa Larruzea izan zen, 27 minutu eta 34 segundoko marka osatu zuen ondarrutarrak. Bigarren Jone Oar-Arteta Zarrabeitia heldu zen minutu eskasera eta hirugarren Haizea Gerrikabeitia Uriguen gernikar herrikidea 28 minutu eta 48 segundoko denboragaz. Gizonezkoetan ez zen ezustekorik izan eta Paul Ormaetxea Bilbaok 19 minutu eta 42 segundo behar izan zituen helmugara heltzeko. Bigarren Ibon Badiola Lersundi ondarrutarra izan zen 20 minutu eta 18 segundoko denboragaz eta 12 segundora heldu zen Xuban Muniozguren Arrate markina-xemeindarra.
Baina Madalen ermitaren inguruan jai giroa luzatu egin zen. Jarraian, besteak bestek, txapel jaurtiketa txapelketa edota mus eta briska txapelketa jokatu baitzituzten. Horrez gain, musikarako eta dantzarako tartea ere egon zen, Zerutxu dantza taldearen emanaldiagaz eta trikitilarien doinuekin. Bihar [uztailak 22], Madalen Egunean, ere elkartuko dira berriatuarrak.