‘Hegan eta jare’, Angel Ugartebururen azken nobela
Gaur [uztailak 22] aurkeztu du Euskaltzaindiaren egoitzan eta Milloitik mundura bezala, hau ere autobiografikoa da.

Angel Ugarteburuk Hegan eta jare bere bigarren nobela aurkeztu du gaur [uztailak 22] Euskaltzaindiako egoitzan. Bertan izan dira egileagaz batera Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Hain zuzen ere, lana Labayru Fundazioaren Sutondoan sortan argitaratu da, erakundeak Euskaltzaindiagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan.
Aurreko Milloitik mundura liburua bezala, bigarrena ere liburu autobiografikoa da. Gaztetan Berriatutik Derioko seminariora joan zenean hasi eta helduaroraino heltzen da: “Tarte horretan, bere moduko beste gazte askoren bizi ibilaldia egiten du. Honela, belaunaldi oso baten lekukotza jasotzen du nobelak”.
Ugarteburuk pasadizoak, gertaerak eta abar “modu arin, argi eta atseginean” kontatzeko “berezko dohaina” dauka. Irakurgaia zati laburretan eratuta dago, “irakurtzeko erraza da, baina, aldi berean, aberatsa”. Une historiko garrantzitsuak, urte biziak, gazteen gurariak edota kulturako arduradunen egarria hartzen ditu hizpide.
Bere bizitzako hainbat pasarte dakartza idazleak, Berriatuko baserritik irten eta Derioko apaiztegian sartu zenean hasita. “Abadegai lagunak, abadetzarako pausoa eman edo ez, gero kulturan jardutea, politika giroa diktaduraren azken urteetan, ikasketak, lanbidea…” Familia-giroa ere sarritan jorratzen da, ospakizunak, bidaiak eta abar aitzakia direla.
“Garai oso bizia da Angelen bizitzaren bitartez zeharkatuko duguna, belaunaldi oso bati eragin ziona. Apaiztegian ikastea batzuen aukera baino ez zen, baina une batean seminarioak hustu egin ziren, abadegaiek gizarte arloko beste zeregin batzuetara bideratu nahi zutela erabakita”, azaldu du.
Bere garaiko testuinguru politikoa, kulturala, ekonomikoa, soziala “oso ondo” adierazita dago liburuan. Tarteka, euskal kulturako izen ezagunak agertzen dira, ibilbide komun baten adierazgarri. Hori dena, gainera, “hizkera bizi eta arinez” kontatuta dagoela dio, idazleak daukan kontalari senari esker: “Behin eta berriz adierazitako pasarteak idatzira ekartzean, ahozko erregistroaren bizitasuna gorde dute”.