Itsasoa, lehia eta oroimena bat eginda Ondarroan
Elena Fernandez Iturrioz Memorialak 280 parte hartzaile bildu zituen zapatuan Ondarroako uretan.

Ondarroako Arrigorri hondartzan ospatu zen zapatuan (uztailak 20) XXXVII. Itsas Lasterketa, Elena Fernandez Iturrioz Memoriala. Eguraldi kaskarraren iragarpena tarteko, aurten parte hartzaile gutxiago izan dira iazkoarekin alderatuta —30 gutxiago, hain justu—, baina antolatzaileek nabarmendu dute giroa “bikaina” izan zela eta parte hartzaile kopurua “oso pozgarria”.
Bi distantziatan banatu zen proba: 600 metrokoan haur eta gaztetxoek hartu zuten parte, eta 1600 metroko zeharkaldian, berriz, kategoria junior eta nagusietako igerilariek. Saturraraneko balizak izan zituen gorabeherak direla eta, ibilbidea luzeagoa izan zen azkenean —1800 metro inguru—.
600 metroko proban, nesketan, etxean geratu zen garaipena: Ane Osa Garnika ondarrutarrak lortu zuen lehen postua, Ondarru Igeri Taldekoa da, eta 7 minutu eta 19 segundoko denborarekin bukatu zuen lasterketa.
Gizonezkoei dagokionez, Julen Eizagirre Aizpuruk irabazi zuen. Izarraitz Igeri Taldeko azpeitiarrak; 7 minutuko denborarekin gurutzatu zuen helmuga.
Kategoria nagusian ere maila handiko emaitzak izan ziren. Nesketan, Paula Calvo Villalobos elgoibartarrak eraman zuen garaipena —Eibar Igerixan taldekoa da—, 21:25 denborarekin. Gizonezkoetan, berriz, Enaitz Goñi Saizar astigartarrak errepikatu zuen iazko garaipena. Bidasoa XXI taldeko kideak 19:35ean amaitu zuen zeharkaldia.
Nesken partaidetza gorantz. Antolatzaileek adierazi dutenez, “eguraldiaren eta inguruko itsas lasterketa ugarien” ondorioz jaitsi da parte hartzaile kopurua, baina nabarmendu dute nesken kategorian urtez urte parte hartze handiagoa dutela. 600 metrokoan 40 neska eta 19 mutil aritu ziren; 1600 metrokoan, berriz, 84 neska eta 138 mutil. “Datu horiek erakusten dute bide onetik goazela”, adierazi dute.

Argazkia: Ondarruko Igeri Taldea
Probaren aurretik, haurrentzako 100 metroko lasterketa sinbolikoa egin zen, eta 20 umek hartu zuten parte. “Txikien parte hartzea bereziki hunkigarria izan zen”, esan dute antolatzaileek.
Gorabehera teknikoak, baina konponduta. Igerilarien denborak jasotzean aplikazioak huts egin zuen, eta horrek sari banaketa ordu erdiz atzeratzea ekarri zuen. Hala ere, arazoak konponduta daudela azaldu dute. “Zeharkaldiaren bukaeran sortutako ezusteko txiki horiek ulertu zituen jendeak, eta eskertzekoa da izan zuten pazientzia”, nabarmendu dute.
Elena Fernandez Iturriozen senideek ere parte hartu zuten ekitaldian, urtero legez, eta sari banaketan izan ziren. Oroimenetik eta kiroletik egindako ekitaldiak, berriro ere, herritarren babesa eta giro berezia uztartu zituen Ondarroan.