Simon Bolivarren jaiotzaren urteurrena ospatuko dute beste urte batez
Ziortza-Bolibarko Udalak, Simon Bolivar Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean egun osoko egitaraua antolatu dute eguenerako [uztailak 24].

Egun garrantzitsua da Ziortza-Bolibarko herriarentzat uztailaren 24a. Simon Bolibarren jaiotza urteurrena ospatzen dute urtero, eta aurtengoa 242. urteurrena izango da. Ziortza-Bolibarko Udalak, Simon Bolivar Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean egun osoko egitaraua antolatu dute beste urte batez.
10:00etan emango diote hasiera egitarauari. Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, Patxi Etxegarai ‘Hankabako’ marrazkilari eta zinegilearen Nola lan, hala jan erakusketaren inaugurazioa egingo dute, museoan. Ostean, 11:00etan, Galder Gonzalezek Simon Bolivar, euskal diaspora eta Wikipedia hitzaldia eskainiko du udaletxeko goiko aretoan. Eguerdian osatuko dute ekitaldi nagusia eta lore eskaintza, plazan. Bertan izango dira, besteak beste, Dana Moya abeslaria, Garazi Etxaburu dantzaria, Glenna del Valle Cabello Bilboko Venezuelako Kontsula, Rafael Hueso Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaritzako kidea edota Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkatea. Ostean, mokadutxoa egongo da. Azkenik, 17:30ean, Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria ondarrutarrek Hil da jainkosa antzerkia eskainiko dute plazan.