Itsasbazterrean, urrats bat etxera
Abuztuaren 3an Sarek eta Etxeratek antolatzen duten “Behin betiko txanpa etxera” hondartzetako mobilizazioa egingo dute; 11 hondartzatan egingo da aldarria, tartean Lea-Artibain.

Gaur goizean [uztailak 23] aurkeztu dute Gernikako Astra gunean aurtengo hondartzetako mobilizazioa. Sare eta Etxeratek antolatuta, “Behin betiko txanpa etxera” lelopean, abuztuaren 3an egingo dute ekimena Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan, 12:00etan. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatuko dute berriz ere, eta horrekin batera, Euskal Herrian konponbideari, bakeari eta elkarbizitzari bide ematea eskatu.
Bizkaian, zortzi hondartzatan egingo dituzte mobilizazioak: Bakioko hondartza, Eako hondartza, Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzak, Lekeitioko Isuntza hondartza, Mundakako Laidatxu hondartza, Muskiz-Zierbenako La Arena hondartza eta Ondarroako arrigorri hondartza izango dira topaguneak. Gipuzkoan, Debako Santiago hondartza, Donostiako Kontxako hondartza eta Orioko Antilla hondartza izango dira aldarriaren agertoki. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kostaldeko guneetan, jada herri batzordeek antolaketa lanak martxan dituzte, eta ekimenak parte hartze zabala izango duela aurreikusi dute.
“Urtero bezala, gure kostaldeko hondartzak izango dira aldarrikapenerako plaza,” adierazi dute antolatzaileek. “Herritarrok gure ekarpena egin behar dugu bide horretan,” azpimarratu dute Astran. “Gatazkaren ondorioak bizi ditugu oraindik ere, eta beharrezkoa da iragana gainditu eta elkarbizitzarako bidea sendotzea.”
Behar eta premia historiko baten alde. Aurten, gainera, testuinguru berezian kokatzen dute mobilizazioa: datorren urtean ETAren jarduera amaitu zenetik 15 urte beteko dira, eta oraindik ere gatazkaren ondorioek —presoak, iheslariak eta deportatuak— bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu dute. Mundu mailako beste gatazka askotan konponbide prozesuak iritsi badira, Euskal Herrian zailtasunak mantentzen direla salatu dute.
“Euskal Herriak behar du iragana gainditu, eta behar du etorkizunari begira jartzea. Horregatik da beharrezkoa konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren bidean urratsak ematen jarraitzea,” azaldu dute Astrako aurkezpenean.
Antolatzaileek dei egin diete herritarrei kostaldeko mobilizazioetan parte hartzera, “eskubide kontua delako, behar dugulako eta merezi dugulako.” Behin betiko txanpa aldarrikatuko dute: “behin betiko, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera.”
Sare eta Etxeratek adierazi dute konpromisoan berresten direla, eta herritarrekin batera urrats berriak egiteko prest daudela. Eatik Mundakara, Ondarroatik Lekeitiora, herriz herri eta hondartzaz hondartza, elkarbizitzarako bideari bultzada emateko prest agertu dira.