Greenpeacek salatu du euskal kostaldearen kudeaketak ez duela klima aldaketa kontuan hartzen
2050erako hondartzaren bat zein beste desagertzea edo murriztea aurreikusten dela salatu du Greenpeacek, eta esan du "premiazkoa" dela arrisku horiei aurre egitea. Lea-Artibai eta Mutrikuko hondartzak ere "arriskuan" daudela gaineratu dute.

Greenpeacek Suntsipena, kosta ala kosta 2025: hirigintzaren eta klima-aldaketaren inpaktuak itsasertzean ikerketa burutu du. Erakunde ekologistaren ikerketa zorrotza da, eta azaldu dutenez, klima-aldaketaren inpaktuetatik babestea herrialdeak aurre egin behar dion gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronka nagusietako bat dela erakusten du, 2000. urteaz geroztik. Hala, itsasoaren maila igotzea, uraren tenperatura igotzea, muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna eta intentsitatea handitzea, itsasertzaren higadura eta kostaldeko eta itsasoko biodibertsitatea galtzea aipatu dituzte dagoeneko gertatzen ari diren ondorio gisa.
Hori kontutan hartuz, euskal kostaldea “arriskuan” dagoela salatu du Greenpeacek. Ze, azken urteetan, “iparraldeko autonomia-erkidegoen presio turistikoaren igoera nabarmena” izan da, euren hitzetan. Horrela, zerbitzu publikoen tentsio-eredu bat errepikatzen da, zirkulazio-saturazioa, etxebizitzaren kostu handia, eta horrek gentrifikazio-prozesuak eragiten ditu. Argi dute, prozesu horiek tokiko biztanleria lekualdatzen dutela eta bizikidetza zailtzen dutela. Eta “beste lurralde batzuk hondatu dituzten akats berak” errepikatzen ari direla salatu dute.
Greenpeaceko kanpainen koordinatzaile den Elvira Jimenezek gaur egungo euskal kostaldearen egoeraren laburpena egin du: “Inpaktu klimatikoek bere gordintasuna erakusten diguten bitartean, euskal administrazioak beste alde batera begiratzen du, jada zaharkituta dauden iraganeko ereduak berreskuratuz eta babesten gaituzten kostaldeko ekosistemak mugan jarriz”.
Euskadiko kostaldearen gaineko presio turistikoak “gorakada nabarmena” izan duela adierazi, eta 2024. urteko datuak errekorra gainditu dutela gogoratu dute, oro har; 4,7 milioi turista izan ziren. Kostaldeko eskualdeek, bereziki, turismo horren zati handi bat bildu dutela jakin badakite Greenpeacetik, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban Guggenheim museoaren bigarren egoitza eraikitzeko plana inflexio puntutzat adierazi dute. Euskal Herriarentzat ez ezik, “Espainia osoarentzat kalteak” ekarriko dituela uste dute, eta Guggenhim Urdaibai Stop plataformarekin bat egin, eta Greenpeacek ere “maniobra tamalgarri hori” salatu du Auzitegi Nazionalean.
Euskadiko biztanleriaren % 60 kostaldeko udalerrietan bizi dela nabarmendu dute, eta gehitu dute, horrek klima-aldaketak itsasertzean dituen inpaktuen eraginpean jartzen dituela milaka pertsona. “2050erako itsasoaren maila 26 zentimetro igotzea espero da, batez beste, emisioak neurrizko eran murriztuko diren egoera batean. Horrek esan nahi du itsasoak 26 metrotan harea jango dituela, gutxi gorabehera”, gaineratu dute.
Eskualdeak, arriskuan
Euskal kostaldearen morfologia dela eta, hondartzak eta estuarioak dira eragin handiena jasaten duten eremuak. Eta horren eraginak jasango dituzten hondartzen artean, Lea-Artibai eta Mutrikuko hondartzaren bat zein beste aurkitzen da. Alegia, “arrisku altuan” daude, besteak beste, Mutrikuko Ondarbeltz eta Ondar gain hondartzak, Mendexa eta Lekeitio banatzen dituen Karraspio hondartza, edota Lekeitioko Isuntza. Azken bi horiek, azaldu dutenez, “beren luzapenaren ia erdia galtzea” aurreikusten da.
Horrez gain, Murueta aipatu dute, itsas mailaren igoerak eragindako uholdeei dagokienez, inpakturik handiena duen udalerri gisa. Zehaztu dute, horren azaleraren %26 baino gehiago dagoela arriskuan. Eta, hor egongo litzateke Guggenheimen bigarren egoitza,; horrek “zentzugabekeria handiagoa eransten dio proiektu polemikoari”. Portzentaje txikiagoetan, baina hala ere, nabarmenetan, Bermeoko eta Mundakako kostaldea eta Urdaibaiko itsasadarraren ingurua, Ea, Lekeitioko kostaldea eta Lea ibaiaren bokalea edo Ondarroa aipatu dituzte, besteren artean.
Gauzak horrela, Greenpeacentzat “premiazkoa” da arrisku horiei aurre egitea. Eta, esan dute berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak neurriz murriztuz soilik, mundu osoko hondartzen %40ko atzerapena saihestu ahal izango litzatekela.