Ispasterko Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartu du
Atzoko [uztailak 23] osoko bilkuran onartu zuten aho batez: “Pausu garrantzitsu bat baina ez azkena ez bakarra”

Ispasteko Udalak iaz Berdintasun Plana onartu zuen eta aurten pauso bat gehiago eman du eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartu du. Berdintasunaren aldeko “pauso irmoak” ematen jarraitzen dute. Atzoko [uztailak 23] osoko bilkuran onartu zuten aho batez: “Pausu garrantzitsu bat baina ez azkena ez bakarra”.
Hain zuzen ere, ez da kasualitatea ere ez Santiago eta Santa Ana jaien atarian onartzea, baina lanketa luzetik dator. Hasteko, diagnostikoa herriko eragile desberdinekin osatu zuten, berdintasun politikak ere landu nahi izan dituztelako. Herri txikia izaterakoan eta kontuan hartuta zerotik hasten zirela, Oreka Sarea elkarteagaz jarri ziren harremanetan. Lehendabizi saio batzuk egin zituzten norabidea eta lehen pausoak zehazteko. Horren harira, Santiago eta Santa Ana jaietan Puntu Morea jartzeko aukera zabaldu zen, esate baterako. Hau da, lanketa pixkanaka egin dute.
Hala ere, ez zuten jaietan eman daitezkeen erasoei bakarrik mugatu eta herriarentzako protokolo bat sortu nahi izan dute. “Horrelakoetan informazioa toki askotatik etorri daiteke, Ertzaintza edo Gizarte Zerbitzuetatik bakarrik ez, Ispaster bezalako herri txiki batean baita kaletik ere, beraz, lanketa sakon bat egitea beharrezkoa ikusten genuen”, azaldu dute. Horretarako, udala “prest” agertu behar zela azpimarratu dute eta jarraibide edo bideorri bat izan ematen bada pausoak zeintzuk diren zehaztu ahal izateko. “Batez ere biktimaren babesean oinarritzen da protokoloa, berarekin harremanetan jartzea eta erritmoa biktimak eramatea. Bera izan behar da zentroa, zelan dagoen, zer nahi duen… eta hortik aurrera bideratu ahal izateko eskura dauden zerbitzuetara. Gainera, jarraipen bat egitea ere zehaztuta dago. Udal aldetik ere, erantzuna zelan ematea ere jarrita dago”.
Alde horretatik, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aho batez onartu izana nabarmendu nahi izan dute. Protokoloa landu eta gero, hainbat eragilek gainbegiratu eta ekarpenak egin dituzteela azaldu dute. “Herriko protokoloa izaterakoan, gizarte langileagaz, eragile eta elkarteekin aritu izan gara lanean eta udaleko beste alde politikoarekin ados jartzea lortu dugu”.