Simon Bolivarren jaiotzaren 242. urteurrena ospatu dute Ziortza-Bolibarren
Gaur goizean ospatu dute Simon Bolivarren jaiotzaren 242. urteurrena Ziortza-Bolibarren, haren jatorri euskalduna gogora ekarriz.

Simon Bolivarren jaiotzaren 242. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu zituzten atzo Ziortza-Bolibarren. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak, Ziortza-Bolibarko Udalak eta Simon Bolivar Museoak antolatu zuten elkarlanean. Euria zela eta, ekitaldi nagusia 12:30ean hasi zen elizpean. Hainbat lagun bildu ziren lore eskaintzan parte hartzeko, eta hainbat ordezkari politikoek hartu zuten hitza, Bolivarren figuraren egungo irakurketa partekatuz.
Aurretik, Patri Etxegarai Hankabako marrazkilari eta zinemagilearen «Nola lan, hala jan» izeneko erakusketaren inaugurazioa egin da. Etxegarai berak gidatu du bisita erakusketan barna. Artelanak eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen lana aurkeztu du, eta ikusleekin partekatu du bai lan prozesuak bai Ziortza-Bolibarrek bere sorkuntzan izan duen inspirazioa.
Ekitaldi horretan bertan izan dira hainbat ordezkari instituzional eta herritar. Andoni Lariz, Ziortza-Bolibarko alkatea; Rafael Hueso, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako zuzendaritzako kidea; Glenna Cabello, Venezuelako kontsul nagusia; Andres Ordoñez, Kolonbiako kontsulatuko ordezkaria; eta Amaia Zabala, Gizaburuagako alkatea.
Ondoren, 11:00etan, Galder Gonzalezek hitzaldi mamitsua eskaini du udaletxeko goiko aretoan. Bere hitzaldian, Simon Bolivar, euskal diaspora eta Wikipediaren arteko loturak aztertu ditu. Museoa irekita egon da goizeko ekitaldien artean, eta herritarrek aukera izan dute Etxegarairen erakusketa ikusteko 12:30ean plazan egin den ekitaldi nagusia hasi arte.
Ordezkarien hitzarteak. Glenna Cabello, Venezuelako kontsul nagusiak, Bolivarren ideiak Chavez komandantearen pentsamendura eta Nicolas Maduroren gobernuarekin lotu ditu: “Simon Bolivarrek askatasunaren haziak erein zituen. Gaur egun gure gobernuak Bolivarren ideiak jarraitzen ditu: herrien burujabetza, justizia soziala eta identitatearen defentsa dira gure oinarriak”. Palestinarekiko keinu mezua ere izan du Cabellok: “Gaur, ezin dugu isilik egon Palestinako herriaren kontrako genozidioaren aurrean. Bolivar ere, etorkinen semea zen, eta oroitarazi nahi dugu askatasunaren borroka ez dela amaitu”.
Unai Urruzuno, EH Bilduko kideak, testuinguru politiko eta geopolitikoari buruz hitz egin du:
«Mundua sutan dago, eta gu herri txiki bat gara, ukatua eta zapaldua. Olatu faxista, ultraeskuindarra eta gerra genozidak dira eguneroko irudia”. Simon Bolivarren hitzak ere gogoan hartu nahi izan ditu: “Ez dut atsedenik hartuko nire aberria askatu arte, gure egiteko nagusia Euskal Herriaren askapen prozesuari ekarpen eraginkorra egitea da».
Rafael Hueso, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako ordezkariak, Euskadiren eta Amerikaren arteko harreman historikoak nabarmendu ditu: “Simon Bolivar ez zen hemen jaio, baina bere arbasoak bai. Euskadik eta Amerikak lotura historiko sendoak dituzte, euskal diasporaren bidez, eta Bolivar horren ikur da. Bere borroka, herrien duintasunaren eta askapenaren aldekoa izan zen. Eta hori gaurkotasun osoko mezua da” azpimarratu du.
Azkenik, Andoni Lariz, Ziortza-Bolibarko alkateak, tokiko aldarrikapenak eta herrien arteko elkartasuna uztartu ditu bere hitzaldian: “Esker beroenak eman nahi dizkiet hona gerturatu zareten guztiei. Gaurko ekitaldia ezin litzateke posible izan instituzioen eta herrigintzako eragileen arteko aliantzarik gabe”. Herri txikien biziraupenaz ere jorratu da: “Herri txikien biziraupena arriskuan dago, eta burujabetza energetikoa eta zaintza sistemaren antolaketa beharrezkoak izango dira etorkizunari aurre egiteko. Medikurik gabeko herri bakarra gara Bizkaian, eta hori aldatu beharra dago”.
Ekitaldia giro berezian burutu da, Silvio Rodriguezen La Maza abestiaren interpretazioarekin eta Garazi Etxaburu Aulestia dantzari ondarrutarraren dantza-emanaldi hunkigarriarekin.
Lore eskaintzaren unean, Venezuelako eta Kolonbiako kontsulatuetako ordezkariek lore koro bat jarri dute elkarrekin, eta gainerako agintariek eta herritarrek larrosa gorri bana utzi dute Bolivarren oroimenezko monumentuaren aurrean.
Arratsaldean antzerkia. Ospakizunak arratsaldean jarraituko du. 17:30ean, Hil da jainkosa izeneko antzezlana eskainiko da plazan, Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarriaren interpretazioarekin. Ekitaldi horrekin amaiera emango zaio egun osoko egitarauari, Bolivarren figura ez ezik, herrien arteko zubiak eta memoriaren balioa ere aldarrikatuz.