“Euskararen aurkako eraso zuzena” salatu dute 200 alkate eta hautetsik Bilbon
EAEko udal legearen aurkako epaiak gaitzesteko agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza juridikoaren aurrean; Lea-Artibaiko ordezkariak ere bertan izan dira.
Berrehundik gora alkate eta udal ordezkari batu ziren atzo [uztailak 24] Bilbon, EAEko udal legearen aurkako sententziak salatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, agerraldi bateratua egin zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, hizkuntza politika aurrerakoien aurkako epaiak gaitzesteko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat udal ordezkarik parte hartu zuten, alderdi eta sentsibilitate anitzetakoek, eta tartean izan ziren Lea-Artibaiko hainbat udal ordezkari ere.
Joan den astean Espainiako Auzitegi Gorenak berretsitako sententzia batek —Vox alderdiaren helegite bati erantzunez— baliogabetu egin du udal legea garatzen duen 179/2019 dekretua, euskara lehenesteko aukerak ematen zituena. Epaiak dio hizkuntza koofizialtasuna urratzen dela euskara lehenestean, baita gaztelaniarekin batera erabiltzen denean ere.
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldiaren bidez adierazi nahi izan zuen epai horiek «euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena» direla. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri zuen adierazpen bateratua, eta salatu zuen epaiak «udaletan ezingo dela euskara lehenetsi», nahiz eta araudiak hori ahalbidetzen duen: «Administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada, neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren pare jartzeko».
Bestalde, protestaren deitzaileek nabarmendu zuten sententziak «erakundeen erabakimena eta euskal gizartearen borondatea» jartzen dituela zalantzan. «Baliogabetutako dekretua Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak erakusten du gizartearen gehiengo zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak», adierazi zuten.
Agerraldian parte hartu zutenen esanetan, epai hau inflexio puntua izan beharko litzateke hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko. Horretarako, epe motzeko neurri zehatzak eskatzen dituzte, euskararen biziberritze prozesuan atzerapausorik ez emateko.