Gure Zirkua Lekeition: zauri zaharretan argia pizten
Gure Zirkua Lekeition ikusteko aukera egon da berriz, iazko zauriak ixteko eta ikusleen babes beroa jasotzeko aukera paregabea izan da.

Uztailaren 11tik 26ra bitartean, hamalau emanaldi eskaini ditu Gure Zirkuak Lekeition, eta bigarren urtez jarraian uztaila bertan igaro dute. Aurten, ordea, oholtza gainera igotzea ez zen ikuskizun hutsa izan. Iazko egonaldi gorabeheratsua atzean utzi eta, hitz potoloetan esanda, barruak askatzera bueltatu dira.
“Iaz Iker Galartzak osasun arazo larri bat izan zuen Lekeition, eta bizipen gogor hura oso presente izan genuen talde osoan”, kontatu du Lur Aranburu zirkuko kide ondarrutarrak. “Aurten, toki eta egun berberetara itzultzeak emozio handiak piztu dizkigu; lehen egunetan tentsioa nabaria zen, eta ez ginen erabat lasaitu lehen asteburua igaro arte”.
Zirkuko saioek, ordea, aurrera egin zuten eta tentsioa arindu zen. “Zoragarria izan da emanaldi guztiak elkarrekin egitea, eta aurreko urtean geratu zitzaigun arantza hori ateratzea”, dio Aranburuk. “Azken batean, shock tratamendu moduko bat izan da guretzat, eta lagundu digu joan zen urteari agur esaten”.
Iker Galartza, zirkuko sortzaile eta gidaria, oholtza gainean izan da aurtengo emanaldietan, ohiko umorea eta energia berreskuratuta. Ikusleek ere pozarren hartu dute itzulera hori: sarrerak agortu egin dira emanaldi gehienetan, eta karpa beteta egon da egunero.
Hala ere, ez zen erraza izan leku berean bi urtez jarraian aritzea. “Urte bi jarraian toki berean aritzea beti da apustu bat guretzat”, azaldu du Aranburuk. “Jendeak ikuskizuna jada ikusita dauka, eta berriz betetzea zaila izaten da. Baina aurten emanaldi berria genuen, eta lehen momentutik jendearen harrera oso ona izan da”.
Harrera bero hori ez da publikoarengandik bakarrik etorri. Lekeitioko auzolan taldearen lana ere nabarmendu dute Gure Zirkukoek. “Muntaketa eta desmuntaketan, eta eguneroko beharretan izugarri lagundu digute. Eskertuta gaude auzolan lantaldeari eta bertako lagunei”.
Zirkua, orain, Gipuzkoara salto eginda, Oriora iritsi da, eta handik Sakanara joko dute. Bira abendura arte luzatuko da. Baina Lekeition bizitakoa ez da ahazteko modukoa izango: “Guretzat plazerra izan da bigarren urtez uztaila zuenean igarotzea”, adierazi dute.
Ez zen soilik zirku bat. Aurten zirkua sendabide bihurtu da.