NATOren aurkako aldarria kalera atera dute Lekeition
Erakusketa, hitzaldia eta bertso bazkaria izan ziren NATOren aurkako egunaren ardatz; antolatzaileek nabarmendu dute herritarren arteko adostasuna islatu zela.

Dozenaka herritar bildu ziren larunbatean Lekeition, NATOren aurkako eguna ospatzeko. Antolatzaileen esanetan, helburua “herritar aldarria kalera ateratzea” zen, eta “oso balorazio positiboa” egin dute.
Uztaileko larunbat jendetsu batean, Lekeitioko kaleak ez ziren ohiko turista eta aisialdi eskaintzekin bakarrik bete; herritar talde batek NATOren aurkako aldarria zabaldu zuen egun osoan zehar. Goizeko hamarretan eman zioten hasiera jardunaldiei, Eskolapian egindako erakusketarekin eta hautetsontzi sinboliko batekin.
12:30ean, Nautika parean hitzaldi bat egin zen, “Egoera geopolitikoa ulertzeko gakoak” izenburupean. Antolatzaileen arabera, “hitzaldia jendetsua izan zen, eta generazio ezberdinetako herritarrak batu ziren entzutera”. Arratsaldean, 14:30ean, bertso bazkaria egin zuten plazan, txarangarekin amaiera alai bat emanez jardunaldiari.
Antolatzaileek argi utzi dute ekimenaren xede nagusia: “NATOren aurkako herri aldarria kalera ateratzea”. NATOren aurkako mezua “ez da soilik elkartasun keinu bat”, adierazi dute, “langile klasearen ikuspegitik, internazionalismoa ezinbestekoa da”. Euren esanetan, “Otan gure bloke geopolitikoaren adar armatua da”, eta horrek erakusten du “Europa eta Estatu Batuen interes ekonomiko eta sozialak direla nagusi egungo testuinguruan”.
Hala ere, zailtasunak ere aipatu dituzte: “Lekeitio bezalako herri turistiko batean, larunbat batean aldarrikapen politikoak kalera ateratzea ez da erraza”, azaldu dute. “Aisialdirako eskaintza handia izanik, herritarrei kosta egiten zaie halako mezuak entzutea eta ulertzea”. Hala eta guztiz ere, pozik daude egindakoarekin: “Lortu dugu gure helburu nagusia: aldarria kalera ateratzea, eta gainera, herritar ezberdinen arteko adostasun minimoak ere irudikatzea NATOren inguruan”.
Ekimenaren aurretik zabaldu zuten mezua ere gogoratu dute: “Gerra hau ez da gurea, kapitalisten interesetarako gerra bat da. Gobernu espainola eta berau babesten duten partiduak konplize dira, eta gure esku dago kaletik presionatzea”.
Horrela, NATOren aurkako eguna ekintza politiko eta kulturalez bete zen Lekeition, eta antolatzaileek nabarmendu dute aurrera begira ere lanean jarraituko dutela norabide berean.